Haur-elikadura eta eskola-jantokiei buruzko bosgarren ikastaroa abiatu da

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 19a, 09:13

Haur-elikadura eta –nutrizioari eta eskola-jantokiei buruzko bosgarren ikastaroa antolatu dute Bortzirietako Guztiok taldeak eta Osasunbideak, Bortzirietako Oina­rrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Bortzirietako udalen laguntzaz. Jantokietako langileei eta jantokien antolakuntzaz arduratzen diren gurasoei zuzendua dago, baina edozein gurasorendako egokia da. Solasaldi guztietan parte hartzeagatik 30 euro ordaindu behar zen, baina banaka ere eman daiteke izena, 10 euro solasaldi bakoi­tzeko.
 
Ikastaroa abiatzeko, otsai­laren 11n, Elikadura osasun­garria NAOS estrategiaren ikuspuntutik solasaldia eskaini zuten Lesakan Rosa Mugica eta Margarita Echauri, Nafarroako Gobernuko Osasun Publiko sailekoak. Menu egokiak diseinatzen erakutsi zuten, pertsonen adina, sexua eta egoera soziosanitarioaren arabera.
 
Otsailaren 28an, Irensteko arazoak eta nahasmenduak solasaldia eskainiko du Etxa­larren Begoña Barceló Sarriák, Malagako haur-garapeneko zentro bateko logopedak eta mota horretako nahasmenduetan adituak. Disfagia, elikadura errefusatzea, gorakoak, berrahoratzea edota elikagaien hausnarketa bezalako arazoei nola heldu azalduko du.
 
Martxoaren 4an, Dieta bereziak behar dituzten gaixotasunak solasaldia eskainiko dute Beran Félix Sánchez Valverde eta Elena Aznal, Nafa­rroako ospitale-konplexuko pediatrek eta digestioan eta nu­trizioan adituak.
 
Martxoaren 18an, Eskola-jantokien hezkuntza-alderdiak solasaldia eskainiko dute Arantzan, jantokien funtzioaz, antolaketaz, eta gisako gaietaz. Oraindik ez dago erabakia nor izanen den hizlari.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun