La Caixaren Gizarte Ekintzak 11.500 euroko dirulaguntza eman die Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari eta Etxalarko Udalari, gizarte eta ingurumen mailako zenbait ekintza bultzatzeko. Zehazki, 6.500 euro, oinarrizko beharrak asetzeko emergentzia-poltsa bat sortzeko eman dizkio Mankomunitateari eta 5.000 euro Etxalarko Udalari, ingurumenarekin lotutako bi ekintza gauzatzeko. Jasone Zelaieta, La Caixako Ipar zonaldeko Negozio Arloko arduradunak eman dizkio laguntzak Miguel Mari Irigoien, Mankomunitateko presidente eta Etxalarko alkateari. Ekitaldian, Jokin Apezetxea gizarte langilea eta Maite Elía, Etxalarko La Caixako bulegoko zuzendaria ere izan ziren.
La Caixako Gizarte Ekintzak emandako 11.500 euroetatik 6.500 Bortzirietako Mankomunitateko programa zehatz batentzat izanen dira. Erakunde honek, baliabide ekonomikorik ez duten familiendako oinarrizko beharrak asetzeko emergentzia-poltsa bat osatu du. Poltsa honetatik, errate baterako, janaria eskuratzeko edo argindarraren fakturak ordaintzeko laguntzak emanen dira. Horretaz gain, Jokin Apezetxea teknikariak jakinarazi duenez, «pertsona dependienteendako material ortoprotesikoa eskuratu nahi da eta dibertsitate funtzionala duten pertsonendako hidroterapia zerbitzua eskaini nahi da».
DATUA
6.500
EURO
Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskuratu ditu
Bertze aldetik, Etxalarko udalak jaso dituen 5.000 euroak Tximista errekan ingurumenarekin lotutako bi ekintza egiteko erabiliko dira. Zehazki, erreka garbituko da eta presako arrainen-eskala jautsi eginen da, uholdeak saihesteko helburuarekin.