Aurtengo inauterietan Txamukos mariatxi taldeak bere lehenbiziko emanaldia eskaini zuen. Larunbatean, poteoko giroa bideratu zuen eta giro ederra izan zen.
Irailean hasi zen taldea entsaiatzen. Hasieran, helburuak sobera finkatu gabeak bazituen ere, Arantzan jotzeko aukera atera zenez, urte hasieratik ortziral edo larunbatetan entsaiatzen aritu dira Lesakako Kultur Etxean.
Sei musikarik osatzen dute taldea eta tartean bi herritar: Beñat Mitxelena akordeoiarekin eta Jon Koldo Arburua gitarrarekin. Bertze taldekideak, berriz: Lesakako Mikel Iriarte eta Xabier Arriola tronpetarekin eta Egoitz Telletxea gitarroiarekin, eta Fernando Otano oibartarra ahotsean.
Mariatxiak jotzen dituzte eta aipatu digutenez, euskarazko bertsioak prestatzen ari dira. Gerora begira mariatxiez gain, kanta ezagun batzuen mariatxi bertsioak ere konposatu nahi dituzte. Norteño batzuk jotzea ere pentsatua dute.
Herrian hagitz gustura gelditu ziren, emanaldiak harrera ezin hobea izan zuelako. Hala ere, euren emanaldiaz gozatu nahi dutenek bertze aukera Lesakako Koxkilla ostatuan izanen dute, otsailaren 28an, 23:30ean. Aitzinera begira seguru kontzertu gehiago eskainiko dituztela. Zorte on!
INAUTERIAK
Neguak bere kolorea eta tenperatura erakutsi ditu aurtengo inauterietan, baina giro paregabea izan da. Mozorro Zuriek eskea ortzegun eta ortziralean egin zuten eta eskolako haur eta gaztetxoek ortziral eta larunbatean. Ortzegunean, eskolan mozorroei paperezko eta kolorezko bizkarrekoak paratu eta dantzatu ondotik, arratsaldean herri-kirol saio polita eskaini zuten ikasle, irakasle ta gurasoek frontoian.
Ortziral arratsean bertso afaria Aterpean eta emakumeen afaria Burladan egin ziren. Andoni Egaña eta Amets Arzallusek 03:00ak arte luzatu zuten afalondoa eta gero besta Gorape aldera lekualdatu zen.
Larunbat arratsaldean, haur eta gurasoek mozorrotuta kalejira egin zuten trikitilariekin eta ondotik berendua egin zuten. Ilunabarrean, Mozorroen herri kirol saioa eta aizkora apustu mistoa izan ziren frontoian. Etxez-etxe edo baserriz-baserri oparitu edo herrian saldutako boletoen zozketa ere egin zuten. Urdaiazpikoa Exkerrenekobordara, kafe-makina Zakutenera eta txorigorotza Aientsako Errentenekobordara tokatu ziren.
Afaltzen eta afalondoan ere giro paregabea izan zen herrian barna.