Elkartearen 75. Urteurreneko ekitaldien baitan, lehen aldiz ipuin lehiaketa antolatu du Beti Gaztek. Deialdia arrakastatsua izan da, denera 77 neska-mutikok parte hartu baitute, 49k A mailan (LH 3. eta 4. mailakoak) eta 28k B mailan (LH 5. eta 6. mailakoak). Horregatik,“bai Irain Eskola publikoko baita Tantirumairu ikastolako irakaslegoari lehiaketan izan duten konpromisoa” eskertu nahi izan die Beti Gaztek.Sariei dagokienez, A mailan, lehenbiziko saria Naiara Ubiria Sunsundegik eskuratu zuen Pirulija sorgina ipuinarekin, bigarren saria Peio Iturria Pombarrek Nork banatuko ditu opariak gabonetan? ipuinarekin eta hirugarren saria Ainara Semper Irastorzak Sorginak ipuinarekin. B mailan, lehen saria Olatz Arakues Mikelajauregik lortu zuen, Sorginak Lesakan ipuinarekin, bigarren saria Ane Ordoki Telletxeak Iratxoak herrira ipuinarekin eta hirugarren saria Izaro Iparragirre Irigoienen Benetako ipuinak ipuinarekin. Neska-mutikoek bale batzuk jaso zituzten sari bezala. Hauekin irakurketa liburuak bakarrik eros ditzakete herriko liburudendetan. Elkarteak lehiaketa gehiago antolatzeko asmoa du hurrengo urteetan, Lesakako haurrek irakurketa eta idazketan gero eta gehiago murgil daitezen.