Asteburuko mozorro besta oraindik ez da bukatu zenbait herritan. Bera eta Lesakan, erraterako, inauterietan segitzen dute oraindik.
Bera
Larunbatean kaldereroek ederki alaitu zuten herria, nahiz eta eguraldi txarragatik Altzateko frontoian elkartu ziren. Eta igandean inude eta artzainek hartu zuten lekukoa. Talde ederra atera ziren. Gaur, berriz, goiz guztian zingar-arrautze eskean ibiliko dira baserrietan eta 19:00etan Afrika Lion taldearekin emanaldia izanen da Altzateko karrikan.
Lesaka
Larunbat gaueko giroaren ondotik, igandean zakozarrak atera ziren karrikara. Gaur, berriz, 08:00 geroztik fraindarrak eta goitarrak baserrietan dabiltza eskean. Eta herrian, berriz, eguerdi aldera inauterietako orgak Plaza Zaharrera hurbilduko dituzte herritarrek. Egunari amaiera emateko 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean. Bihar, berriz, fraindarrak baserriz-baserri segituko dute eta horrela borobilduko dituzte lesakarrek inauteriak.