Aurten ere gazte kuadrilla ederra bildu da Mozorro Zurien eginbeharretarako. 30 inguru Mozorro Zurik inauterietako egitaraua prestatu dute mozorraldiaz gozatzeko.
Ortzegunean, Primi ostatuan ongi gosaldu ondotik, eskolako lagunei bisita eginen diete. Eskolako ikasle eta irakasleek harrera ezinhobea egiten diete eta gainera, ohiturazko paperezko bizkarreko koloretsuak prest izaten dituzte. Azkilarrea eta Aientsa auzoak talde batek; eta bertze taldeak, berriz, Bordalarrea eta Eguzkialdea… Horrelaxe banatzen dira Mozorro Zuriak puxka-puxka eskean ibiltzeko. Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilariak lagun izanen dituzte. Egun osoan eskean ibili ondotik, afaria Primin izanen dute.
Ortziralean gosaldu ondotik, herrian barna eskean ibiliko dira. Pabloenean bazkalduko dute. Arratsean, emakumeen afaria Burlada jatetxean izanen da. Bertso afaria, berriz, Aterpean izanen da Amets Arzallus eta Andoni Egañarekin. Gauerditik aitzinera, Gorapean Agerralderen eskutik dantzaldia izanen da.
Larunbatean, goizean atseden hartu eta Burladan bazkalduko dute. Arratsaldean, haur, gaztetxo eta guraso mozorrotuen kalejira izanen da. 18:00etan Los Chamucos mariatxi taldearekin poteoa izanen da eta 19:00etan Mozorroek herri kirol saioa eskainiko dute. Horrez gain, Xabi Agesta eta Nerea Sorondok osatutako bikotea, Julio Lukanbio eta Leire Astiasaran bikotearen kontra ariko da aizkoran. Mozorroek Elkartean afalduko dute eta gauerditik aitzinera, Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da Gorapean.
ESKOLAN ERE INAUTERIAK
Ortzegunean, inauteri eguna ospatuko dute eskolako lagunek. Goizean Mozorro Zurien bisita jasoko dute eta bazkalondoan, mozorro besta eginen dute. Herri Kirolak gaia aukeratu dute aurten mozorrotzeko. Herrian barna trikitilariekin kalejira eginen dute koplak kantatuz. Ondotik, frontoian herri kirol saioa eskainiko dute eta egunari akabera emateko eskolan berenduko dute.
Ortziralean, berriz, Lehen Hezkuntzako 4,5,6 eta DBH 1 eta 2. mailako ikasleak bi taldetan banaturik auzoetan eskean ibiliko dira trikitilariek alaituta. Ttikiagoak, berriz, herrian puxka-puxka ibiliko dira.