Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketak tramiterako onartuak

Aitor AROTZEN 2015eko otsailaren 5a

Bi herritarren tortura salaketei buruzko liburua ere argitaratu dute

Guardia Zibilak torturatu zituztela salatuz, Mattin Sarasola eta Igor Portuk aurkeztutako helegitea tramiterako onartu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. 2010ean, Gipuzkoako Probintzi Auzitegiak bi herritarren atxiloketan eta galdeketan parte hartu zuten lau guardia zibilei espetxe zigorra paratu zien, tortura salaketen ondorioz, baina Espainiako Auzitegi Gorenak absoluzioa eman zien. Aitzinera eginez ailegatu da orain auzia Estrasburgora.
 
Sarasola eta Portu 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, ETAkoak zirela leporatuta. Atxilotu eta biharamunean, Igor Portu Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten, ospitaletik adierazi bezala «oso larri». Sarasola ez zuten eraman ospitalera, baina epaiketan salatu zuen kolpeak eta mehatxuak jasan zituela etengabe.
 
LIBURUA
Bi lesakarren tortura salaketei buruzko liburua ere argitaratu dute. Xabier Makazagak egin du El caso Portu-Sarasola. Los encubridores de la tortura al desnudo izenburupean. Estatuak torturak ezkuta­tzeko eta torturatzen segitu ahal izateko sortu dituen egiturak aztertu ditu idazleak liburuan, Portu eta Sarasolaren kasu zehatz honetatik abiatuta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun