Aitak sexu gehiegikeriak egiten zizkionean, bien arteko sekretua zela erraten zion Elisabeti eta ez zen inori kontatzeko gai izan. Hortaz, haurrei sekretuak eta sekretuak daudela erakustearen garrantziaz aritu zaigu: «sekretu batekin gaizki sentituz gero, kontatu egin behar dute».
17 urtez beheitiko nesken %23-25ek eta mutilen %10-15ek sexu gehiegikeriak jasaten ditu. Halaxe diote ikerketek. Eta kasuen %85ean familia barrenean gertatu ohi dira abusuak, edo haurraren inguruko pertsona bat tartean dagoenean. Aitzitik, biktima gehienek isilean gordetzen dute gertatu zaiena.
Berako Elisabet Cantero Torresek ere urteetan ez zuen deus erran aitarengandik jasandako sexu abusuen inguruan, eta normaltasuna erakusten saiatu zen jende aitzinean. Aitak isilean edukitzeko agindu zion sekretua ongi gorde zuen eta aitak, berriz, bere aita izaten segitu zuen, jendartean gizon langilea eta ongi ikusia izaten.
AITA ETA AMA JOLASA
Aitaren lana tarteko ailegatu zen Extremaduratik (Espainia) Berara Elisabeten familia. Hiru ahizpa eta anaiaren artean zaharrena da Elisabet eta aita igeltsero fina izaki, eraikuntzan ez zitzaion lanik faltatu. Horraino arazorik ez. Are gehiago, Elisabetek onartu digunez, «nire aitak Donostiako eraikin garrantzitsu guztietan lan egin zuen eta harro nengoen berarekin. Langile ona zen, eta toki aunitzetik deitzen zioten lanerako». Gaineratu digunez, «bere ezaugarri onak bilatu nahi nituelako aitari buruz aunitz solasten nuen; bere ezaugarri onak azpimarratzen nituen».
Arazoa etxean zegoen. «Nik egunez bizitza bat nuen eta gauez bertzea». Eta gauean hasten zen Elisabeten amesgaiztoa. Aitortu digunez, «abusu sexualen inguruko oroitzapen aunitzik ez dut. Momentu puntualak ditut gogoan. Aldiz, oroitzapen onak xehetasun guztiekin oroitzen ditut». Hala ere, gogoan du bortz urte zitueneko une hau: «aita nire ohera etorri eta jolastu nahi ote nuen galdetu zidan. Bortz urteko neska batek jolastu nahi duen galdetuta nola erranen du ba ezetz? Aita eta ama jolasera ariko ginela aipatu zidan. Nik jostailuak ekarriko nituela erran nion. Berak, ordea, ezetz, ez zela jostailurik behar, bertze modu batera jolastuko genuela. Une hartan «deskonektatu» zuela dio, «ez naiz oroitzen».
Aitak egiten zionagatik adoptatua zela pentsatzen omen zuen ttikitan: «banekien aitak egiten zidana ez zegoela ongi, eta adoptatua nintzelako egiten zidala uste nuen». Ez du atzendua aitak bien arteko sekretua zela erraten ziola: «jaso nuen heziketarekin arauak zuzen jarraitu nituen. Senideetan zaharrena nintzen eta eredugarri izan behar nuen». Sekretuen harira, zera adierazi digu: «haurrei sekretuak eta sekretuak daudela ongi erakutsi behar zaie. Sekretu batekin gaizki sentitzen badira, ez dute gorde behar, konfidantza gehien dutenari kontatu behar diote eta honek ez badie kasurik egiten bertze bati. Norbaitek zerbait eginen du».
Zazpi-zortzi urte zitueneko bertze oroitzapen bat ere badu Elisabetek: «Extremadurako herrian kasu bat eman zuten jakitera. Antza, neska bati gauero bere aita ohera joaten zitzaion, nabala paratzen zion lepoan, eta denetarik egiten zion. Neska haurdun gelditu zenean jakin zuen herriko jendeak gertatutakoa. Haurra zeinena zen galdetu ziotenean bere aitarena zela erran zuen. Hala ere, neska haurrarekin bakarrik gelditu zen, eta aitak eta amak bikote bizitza egiten jarraitu zuten». Kasu hark «aunitz beldurtu» zuen Elisabet eta «une hartatik aitzinera aita ohera etortzen zenean, loarena egiten hasi nintzen, erne ikusiz gero, nabalarekin etorri eta neska hari gertatutakoa pasako zitzaidala pentsatzen hasi nintzelako».
Hortik aparte, oroitzapen «gutti» du, baina «badakit gauez abusuek jarraitu zutela, eta gauez beldurra sentitzen nuela. Beldurrez joaten nintzen ohera». Bere kasuan, mehatxurik ez zela izan kontatu digu «nik loarena egiten nuelako», baina halakoak ere gertatzen direnez, «mehatxuen beldurrik ez izateko» aholkatu du: «mehatxuak ez dira onartu behar. Azken finean, erasotzaileak koldar hutsak dira, hitz eginez gero, kaltetuak eurek izanen direla baitakite».
OROITZAPEN ONAK
«Abusu sexualen oroitzapen aunitzik ez dut. Momentu jakinak bakarrik ditut gogoan. Aldiz, oroitzapen onak xehetasun guztiekin oroitzen ditut»
Elisabet CANTERO TORRES (Abusu sexualaren biktima)
SALAKETA ETA EPAIKETA
Gertatu zitzaiona bere baitan gorde zuen Elisabetek urte aunitzez. Duela hamar urte, ordea, «aski da» erran zuten. Berak eta bere bi ahizpek. Bera ez ezik, ahizpak ere aitaren abusuen biktima izan zirelako. Ongi gogoan du ahizpek ere aitarengandik abusuak jasan zituztela jakin zueneko momentua. «Jasanezina» egin zitzaion, eta «okerrena» ere pasatu zitzaion burutik. Gainera, orduan konturatu omen zen ama denaren jakitun zela: «ttikitan amak ez zekiela pentsatzen saiatzen nintzen, nahiz eta egoera batzuetan bazekiela ikusi». Orduan paratu zuten salaketa.
Hasierako salaketaren ondotik, aita libre gelditu zen. Baina aitak bazuen urruntze agindua. Edozein moduz, «aitak lasai ederrean bizitza arrunta egiten segitu zuen, eta gu beldurrez egoten ginen. Gure inguruan ere ibili zen». Une hartan, ama eta anaiarekin tratuan jarraitu nahi izan zuela dio, «nahiz eta jakin aitarekin zeudela». Baina egoera «eramanezina» bilakatu zitzaionean, «amari aita ala ni aukeratzeko erran nion. Ordura arteko guztia barkatuko niola adierazi nion, baina dena argitara atera eta aita babesten segitzea ez nuela onartuko». Amaren erantzuna, baina, ez zen esperotakoa izan: «aitaren ondoan segiko zuela garbi utzi zidan eta atsekabez haundiz etxetik joan nintzen».
Beranduago etorri zen epaiketa, eta aldi honetan aita kartzelan sartu zuten. Auziak oihartzun mediatiko haundia izan zuen. Abokatuek epaiaren berri eman ziotenean, «errudun» sentitu zela dio, «kartzelan nire erruz zegoela sentitu nuen. Baina aldi berean, ez nuen bertze inon egotea nahi». Ingurukoen babesik gabe «bakarrik» sentitu zela ere gaineratu digu: «nire lagunek ez zuten jakin nola erreakzionatu. Familiak ez zidan deitu ere egin, amak bazekien, irakasleek ere zerbait sumatzen zuten, baina inork ere ez zuen behatz bat ere mugitu». Bere irudiko, «horrelako edo antzeko kasuak antzeman eta haurrekin hitz egiterakoan, irakasleek eta haurrekin lan egiten duten profesionalek prestakuntza ttikia dute».
Orduan izan zuen GASJE Gipuzkoako Abusu Sexualak Jasandako Elkartearen berri eta «zuzenean» joan omen zen harat: «ez nintzela bakarra ikusi nuen, gehiago ere bazirela». Eta ez da damutu han egindako garaiaz: «halakoetan inork ez daki nola lagundu. Horrelako egoera batetik pasatu direnak jar daitezke zure lekuan, eta ni GASJErekin hasi nintzen sendatzen. Elkartera ailegatu nintzenean jaso nituen harrera eta babesa izugarriak izan ziren». MDR terapia ere bidelagun izan zuen guztia gainditzerakoan.
Zergatik ez zenuen deus egin? Zergatik ez zinen lehenagotik joan etxetik? Halakoak ere aditu omen ditu eta «astakeriatzat» jo ditu: «5 urteko ume bati zergatik ez zuen deus egin galdetzeak zer zentzu du? Eta helduek zergatik ez zuten deus egin? Haurrak dira babesgabeenak eta helduek ez badute deus egiten...» GASJEren bitartez eta ahizparekin haurtzaindegian lanean hasitakoan hasi omen zen «besarkadak eta musuak onartzen eta ematen». Eta hantxe segitzen du, gustura.
INPOTENTZIA
«Nire egoeratik haur aunitz pasatzen ari direla pentsatzea jasanezina egiten zait. Eta inpotentzia sentitzen dut jendeak ez duelako kolaboratzen eta gizartea ez dagoelako kontzientziatua»
Elisabet CANTERO TORRES (Abusu sexualen biktima)
‘SUPERBIBIENTEA’
Guttitan kontatu du gertatu zitzaiona. Bortz aldiz baino ez, eta azkena TTIPI-TTAPAri. Gainerakoak salaketa paratutakoan poliziari, bikotekideari, epaiketan, eta laugarrenez orain hilabete batzuk, azaroaren 19a Haurrenganako Sexu Gehiegikerien Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Facebook bidez lagunei: «horrelako kasuekin aspertuta nagoelako» egin zuen. «Nire egoeratik haur aunitz pasatzen ari direla pentsatzea jasanezina egiten zait».
Aitak egin zionak ondorioak utzi zizkiola ere aitortu digu: «ate aunitz itxi zizkidan, jendearekin harremanak...». Baita bertzelako ondorioak ere: «denboraldi batez buruz gora ezin izan nuen lorik egin, hori zelako aitak jartzen ninduen postura...». Baina zorionez, hori iragana da. Orain gertatutakoa gainditua du, eta ez du arazorik horri buruz solasteko. Bere hitzak dira horren lekuko: «orain ongi sentitzen naiz, lasai, eta gainditua ez banu ez nuke kontatuko». Dena den, badira oraindik min egiten dioten egoerak, eta horren adibide, batzuetan sentitzen duen «inpotentzia» aipatu digu: «jendeak ez du kolaboratzen eta gizartea ez dago gai honekin kontzientziatua. Sexu gehiegikeriak sufritzen dituzten haurrak badira, baina inork ez du deus erraten eta egiten...». Onartu digu, Facebooken kontatu zuenean, batzuk negarrez etorri zitzaizkiola, baina Elisabetek azpimarratu du ez duela «penarik eman nahi». Jendea arazoaz jabetzea baino ez du nahi, eta behingoagatik zerbait egitea: «haurrek muga non dagoen jakin behar dute». Gaia «tabua» dela iruditzen zaio, eta horrekin amaitu nahi du. Etxean eta eskoletan landu behar dela uste du eta bera prest dago bere apurra emateko: «eskoletara hitzaldiak ematera joateko prest nago».
Aunitzek erraten omen diote ausarta izan dela, nahiz eta bera ez den iritzi berekoa: «nire jarrera ez da batere ausarta izan. Ausarta baino gehiago superbibientea izan naiz. Ttikitako oroitzapen polit aunitz ditut eta gertatu zaizkidan gauza txar guztiak atzendu eta oroitzapen onetan bilatu dut babesa».