Igantzin ere asteburu honetan ospatuko dituzte inauteriak. Gazteek bere ohiko harat-honatak eginen dituzte auzoz auzo mozorroturik ortziralean eta larunbatean. Larunbat ilunabarrean, etxez etxe banatutako txartelekin, bildotsa eta ardo lotea zozketatuko dute.
Ortziral goizeko 10:00ak aldera Berrizaun auzotik hasita, etxezetxe eta baserriz-baserri eskean ibiliko dira gazteak. Herrira bueltan, bidegurutze aldeko etxeetara bisita eginen dute eta gero, Frain auzora joanen dira. Eguerdian bazkaria eginen dute. Bazkalondoan herrian eta Sarrola eta Lasaga auzoetan eskean ibiliko dira gazteak. Gauean afaria eginen dute.
Larunbat goizeko 8etan Mozorroak elkartu eta Irisarri auzora joanen dira gazteak. 11:00 aldera herrira bueltatu eta Unanu auzora eta Piedade gainera joanen dira. Arratsaldean haurrak kalejiran ibiliko dira. Ilunabarrean etxezetxe eskean ibilita banatuko dituzten boletoen zozketa eginen dute gazteek. Lehenengo saria bildotsa izanen da eta bigarrena ardo lotea. Gauean afaria eginen dute.