Ohikoa denez, Arantzan inauterien data ofizialei aurre hartu eta asteburu honetan ospatuko dituzte mozorroen bestak. Ortzegunean hasiko dira mozorro zuriak lanean eta baserriz baserriko eskean. Ortziralean ere halaxe ibiliko dira eta bertso afaria eta emakumeen afaria ere izanen dira. Larunbatean musika eta herri kirola izanen dute.
Hasteko, otsailaren 5ean, ortzegun goizeko 9etan Mozorro Zurien gosaria izanen dute Primi ostatuan. Ondotik eskolako neska-mutikoei bisita eginen diete bizkarrekoak paratzeko. Segidan bi taldetan banatuta Mozorro Zuriak lau baserri auzoetara joanen dira Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilarien laguntzarekin. Azkilarrea eta Aientsa auzoak eginen ditu talde batek; eta bertze taldeak, berriz, Bordalarrea eta Eguzkialdea. Egun guztia baserriz-baserri eskean ibiliko dira. Arratsaldean mozorro besta eskolan. Gauean Mozorro Zurien afaria Primi ostatuan.
Ortziral goizean mozorro Zurien gosaria Primi ostatuan. Ondotik herrian barna eskean ibiliko dira Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilarien laguntzarekin. Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Pabloenean. Egun osoan eskolako neska-mutikoak baserriz baserri puxka-puxka ibiliko dira. Gauean bertso afaria izanen da Aterpean Amets Arzallus eta Andoni Egañarekin. Gauean Emakumeen afaria Burlada ostatuan. Gauerditik aitzinera dantzaldia Gorapean Migel Anjel Agerralderekin.
Larunbat eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Burlada ostatuan. Arratsaldean herriko ttiki eta gaztetxo mozorrotuen kalejira abiatuko da. 18:00etan Los Chamucos mariatxi taldearekin poteoa izanen da eta 19:00etan Mozorroek herri kirol saioa eskainiko dute. Horrez gain, Xabi Agesta eta Nerea Sorondok osatutako bikotea, Julio Lukanbio eta Leire Astiasaran bikotearen kontra ariko da aizkoran. Mozorroek Elkartean afalduko dute eta gauerditik aitzinera, Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da Gorapean.