Haur-elikadura eta –nutrizioari eta eskola-jantokiei buruzko bosgarren ikastaroa antolatu dute Bortzirietako Guztioktaldeak eta Osasunbideak, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Bortzirietako udalen laguntzaz. Jantokietako langileei eta jantokien antolakuntzaz arduratzen diren gurasoei zuzendua dago, baina edozein gurasorendako egokia da. Izen emateko epa otsailaren 4an bukatuko da eta solasaldi guztietan parte hartzeagatik 30 euro ordaindu beharko da. Banaka ere eman daiteke izena, 10 euro solasaldi bakoitzeko.
Otsailaren 11n, Elikadura osasungarria NAOS estrategiaren ikuspuntutik solasaldia eskainiko dute Lesakan Rosa Mugica eta Margarita Echauri, Nafarroako Gobernuko Osasun Publiko sailekoak. Menu egokiak diseinatzen erakutsiko dute, pertsonen adina, sexua eta egoera soziosanitarioaren arabera.
Otsailaren 28an, Irensteko arazoak eta nahamenduak solasaldia eskainiko du Etxalarren Begoña Barceló Sarriák, Malagako haur-garapeneko zentro bateko logopedak eta mota horretako nahasmenduetan adituak. Disfagia, elikadura errefusatzea, gorakoak, berrahoratzea edota elikagaien hausnarketa bezalako arazoei nola heldu azalduko du.
Martxoaren 4an, Dieta bereziak behar dituzten gaixotasunak solasaldia eskainiko dute Beran Félix Sánchez Valverde eta Elena Aznal, Nafarroako ospitale-konplexuko pediatrek eta digestioan eta nutrizioan adituek.
Martxoaren 18an, Eskola-jantokien hezkuntza-alderdiak solasaldia eskainiko dute Arantzan, jantokien funtzioaz, antolaketaz, eta gisako gaietaz. Oraindik ez dago erabakia nor izanen den hizlari.