Elkartearen 75. Urteurreneko ekitaldien baitan, lehen aldiz ipuin lehiaketa antolatu du Beti Gazte elkarteak, Lesakako haurrei zuzendua. Deialdia arrakastatsua izan da, denera 77 neska-mutiko hartu baitu parte, 49 A mailan (LH 3. eta 4. mailakoak) eta 28 B mailan (LH 5. eta 6. Mailakoak). Urtarrilaren 31n egin zuten sari banaketa elkartearen egoitzan.
Lehiaketaren gaia Mastegiko kobazuloetan oinarriturik zegoen. Elkartearen nahia leizeak garbitu eta prestatzea da, lekua Lesakako leku ezagun bat bihur dadin. Hori dela eta leize hauen mundu magikoari buruz ipuin bat asmatu behar izan zuten haurrek. Erran bezala, parte-hartze handia izan zen eta horregatik, «bai Irain Eskolapublikoko baita Tantirumairu ikastolako irakaslegiari lehiaketan izan duten konpromisoa» eskertu die Beti Gaztek.
Sariei dagokienez, A mailan, lehenbiziko saria Naiara Ubiria Sunsundegik eskuratu zuen “Pirulija sorgina” ipuinarekin, bigarren saria Peio Iturria Pombarrek “Nork banatuko ditu opariak gabonetan?” ipuinarekin eta hirugarren saria Ainara Semper Irastorzak “Sorginak” ipuinarekin.
B mailan, lehen saria Olatz Arakues Mikelajauregik lortu zuen, “Sorginak Lesakan” ipuinarekin, bigarren saria Ane Ordoki Telletxeak “Iratxoak herrira” ipuinarekin eta hirugarreb sarua Izaro Iparragirre Irigoienen “Benetako ipuinak” ipuinarekin.
Neska-mutikoek bale batzuk jaso zituzten sari bezala. Hauekin irakurketa liburuak bakarrik eros ditzakete Lesakako liburudendetan. Elkarteak lehiaketa gehiago antolatzeko asmoa du hurrengo urteetan, Lesakako haurrek irakurketa eta idazketan gero eta gehiago murgil daitezen.