Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak sakeleko telefonoetan, tabletetan eta ordenagailuetan erabilgarri den aplikazio berria sortu du jendeak dituen zalantzak agudo argitzeko asmoarekin. Bertan informazio aurki daiteke, bortz ataletan banatua.
- Zer non hiztegia: Zerrenda luze batean etxean izaten ahal ditugun hondakinak bilatzeko aukera ematen digu eta nora bota edo eraman behar diren erran.
- Hondakin motak: Etxeetan gehien sortzen diren Hondakinen inguruko informazioa, edukiontzien kokapenak...
- Ordutegiak: Mankomunitateak dituen zerbitzuak eta bilketa bakoitzaren maiztasuna eta bilketa egunak.
- Ohiko galderak: Jendeak izaten dituen ohiko zalantza eta galderei erantzuna ematen zaie modu laburrean.
- Ezarpenak: Zuk nahi duzun hizkuntza eta herria aukeratzen ahal dituzu.
Edozein aplikazio bezela deskargatzen ahal da, Play Store-tik zuzenean. Aplikazio bilatzailean "Bortziriak" hitza sartuta agertzen dena da, "Bortziriak Zer Non" izenarekin. Ordenagailu, tablet edo mugikorrean arazorik gabe deskargatu ahal izanen duzu.
Euskeraz eta gazteleraz dago eta Mankomunitateak martxan paratzen dituen zerbitzu berriak gehitzen joanen dira. Aplikazioa irekitzen den aldiro sartu den informazio berria zuzenean eguneratuko da.
Mankomunitatetik gogoratzen dutenez, «doakoa da, beraz deskargatu aplikazioa eta hasi birziklatzen zalantzarik gabe!».