Hainbatetan bezala, ilbeltzaren 12an, norbanakook ditugun eskubide eta askatasunen kontrako bertze ekintza bat izan zen. Herritarron giza eskubideak urratuak dira aspaldian eta bakerako eta konponbiderako nahia eta desioa milaka eta milaka herritarrok eskatzen badugu ere, bidean ditugun trabak etengabeak dira. Etsipenean erori gabe, azken egunotan izandako elkarretaratze jendetsuek adierazi dute horrelako erasoak bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahalegin eta egoera politiko berriaren kontra zuzenki eragiten dutela.
Dakizuen bezala, ilbeltzaren 12an izandako abokatuen kontrako polizia operazioan, hamasei lagun atxilotu zituzten. Batzuk Madrilen, bertzeak Euskal Herrian. Tartean zen Haizea Ziluaga herritarra eta lanbidez abokatua dena. Madrilen atxilotu zuten, harat joana baitzen 04/08 auziaren epaiketan defentsa lanetan aritzekoa zelako. Epailearen aitzinean deklaratu ondotik, karguekin aske gelditu zen ilbeltzaren 13an.
Inguruetan bezala, atxiloketek samina eta kezka eragin zuten herrian eta elkarretaratze eta mobilizazioak egin ziren joan den astean. Ilbeltzaren 14ko goizalean ailegatu zen Haizea herrira eta arratsaldean hainbat herritarrek ez zuten Haizea besarkartzeko aukera galdu nahi izan.
UDALAREN MOZIOA
Atxiloketen biharamunean, atxiloketak salatzeko mozioa onartu zuen Udalak ez ohiko batzarrean. Udalak bere babesa eta elkartasuna helarazi zien Haizearen etxeko, familiako eta lagunei eta atxiloketa salatzeko mobilizazioei atxikimendua erakutsi eta horietan parte hartzeko deia luzatu zien herritarrei. Mozioa osorik: www.arantza.eu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!