Mediku eta pediatra euskaldunak eskatuz 518 sinadura

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 22a

Ander Almandoz eta Maider Arrieta, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakari ordea, sinadurak Lesakako Osasun Zentroan aurkeztu zutenean. Aitor AROTZENA

Lesakako Osasun Zentroan aurkeztu dituzte

Bukatu berri da Bor­tzirietan egin den medikua edota pediatra euskalduna eskatu nahi dut izeneko kanpaina, eta parte hartze handia izan dela azpima­rratu behar da. Guztira 518 eskaera orri jaso dira eskualdean. Emaitza onak dira benetan, kanpaina oso arrakasta­tsua izan dela esan nahi du horrek. Lortutako eskaera orri guztiak Lesakako Osasun Zentrora eraman dituzte Ander Almandoz, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak eta Maider Arrieta, lehendakari ordeak urtarrilaren 14an.
 
UEMAren eta Bor­tzirietako Euskara Mankomunitatearen eskutik abiatutako egitasmo honek osasun alorrean garatzen diren hizkuntza-politikak aldatzea du helburu, eta gehiago zehaztuz, familia-medikua edota pediatra erdaldunak dauden herrietan profesional euskaldunak bermatzea da helburua. Bultzatzaileen esanetan “kanpainaren asmoa ez da izan, inondik inora, Bortzirietako osasun zentroetako langileen kontra egitea, haiek euskaraz jakitea eta, modu horretan, herrita­rrei euskarazko zerbi­tzua eskaintzea baizik”. Momentu honetan profesional horiek hizkun­tza eskakizunik ez dutenez, egoera horri irtenbidea ematea lortu nahi da. Horretarako plantilla organikoan behar diren aldaketak egin ditzaten eskatu nahi izan da bukatu berri den kanpaina honen bidez.
 
Sinadura gehienak azaroaren amaieran bildu baziren ere, azken ahalegin batzuk egin ziren abenduaren amaieran eta urtarrilaren lehenbiziko asteburuan, eta orduan ere lortutako eskaera orriei esker jaso dira guztira 518 sinadura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun