Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketak tramiterako onartu ditu Estrasburgoko Epaitegiak

Ttipi-Ttapa 2015eko urtarrilaren 23a

Gisa berean, bi lesakarren tortura salaketei buruzko liburua argitaratu dute

Bi lesakarrak 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten ETAko kide izatea leporatuta. Inkomunikazio aldian, Igor Portu ospitaleratu egin zuten lesio larriekin, eta Sarasolak ere kolpeak eta mehatxuak salatu zituen. Bertzalde, Xabier Makazagak Portu eta Sarasolaren tortura salaketei buruzko liburua argitaratu du eta dohainik deskargatu daiteke hemen.

Guardia Zibilak torturatu zituztela salatuz, Mattin Sarasola eta Igor Portu lesakarrek aurkeztutako helegitea tramiterako onartu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. 2010ean, Gipuzkoako Probintzi Auzitegiak Porturen eta Sarasolaren atxiloketan eta galdeketan parte hartu zuten lau guardia zibilei espetxe zigorra paratu zien, tortura salaketen ondorioz, baina Espainiako Auzitegi Gorenak absoluzioa eman zien. Aitzinera eginez ailegatu da orain auzia Estrasburgora.

Sarasola eta Portu 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, ETAkoak zirela leporatuta. Atxilotu eta biharamunean, Igor Portu Donostiako ospitalera eraman behar izan zuten, ospitaletik adierazi bezala «oso larri». Sarasola ez zuten eraman ospitalera, baina epaiketan salatu zuen kolpeak eta mehatxuak jasan zituela etengabe.

Torturak aztertuz liburua

Bi lesakarren tortura salaketei buruzko liburua ere argitaratu dute aste honetan. Xabier Makazagak egin du El caso Portu-Sarasola. Los encubridores de la tortura al desnudo izenburupean. Dohainik deskarga daiteke hemen. Idazleak Estatuak torturak ezkutatzeko eta torturatzen jarraitu ahal izateko sortu dituen egiturak aztertu ditu liburuan, Portu eta Sarasolaren kasu zehatz honetatik abiatuta. Poliziek, agintariek, epaileek, hedabideek eta kazetari batzuek izandako papera datu eta dokumentuen bidez aztertu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun