Ekimen berri bati ekinen diote aurten Berako Kaxerna Gaztetxean. Hain zuzen, hilabetean behin, ortziraletan, kontzertuak antolatuko dituzte, eskualdeko musika taldeen eskutik. Hasiera emateko, urtarrilaren 30ean, arratseko 10:30ean, RIP taldea eta bertako kitarrajolea zen Jul Bolinagaren omenezko kontzertua-omenaldia egitekoa zuten Gaztetxean, Donostiako Kolpatu eta Berako BIP taldeen eskutik. Baina, nonbait, Juan Losa UPNko zinegotziak «eraikinaren prestazioaren aitzakiarekin» Foruzaingora jo duela aipatu dute Gaztetxetik eta hortaz, “bere aitzakiak agortu artean” udaletxeko eraikinak erabiliko dituzte. Hortaz, lehen kontzertu hori Beralandetan izanen da, ortziral arratseko 10:30ean. Sarrera 3 euro gostako da.
Gaztetxetik jakinarazi dutenez, UPNko zinegotziak «aspalditik gaztetxearen aurkako guda partikularrean segitzen du. Gaztetxekideok garbi dugu ez dela gure segurtasuna berari axola zaiona, alderantziz! Gustora desagertaraziko gintuzke, bere eskuetan egongo balitz. Ba, ez du bide hortatik lortuko behintzat!».