Kontseiluak bultzatuta, duela bi urte Euskaraz bizi nahi dut lasterketa egiten hasi ziren Euskal Herriko hainbat herritan. Bortzirietan Beran egin zen lehen lasterketa hura, eta iaz, berriz, Lesakan. Lasterketa herriz herri txandakatuz egitea hobetsi zenez, aurten Igantzin egin zen abenduaren 7an, Igantziko Euskara Batzordeak antolatua. 70 korrikalari baino gehiagok aurre egin zioten hotzari, euskarari sustengua emanez.
Izen emateak itxita, Bortzirietako bertso eskolako neska-mutikoek hasiera eman zioten ekitaldiari, egun honetarako bereziki prestatutako bertso-xorta kantatuz. Ondotik, Beñat Txoperena eta Cristina Arbues herriko kirolariek manifestua irakurri zuten, Egin dezagun kirola euskaraz, praktika dezagun euskararen kirola izenburupean.
MANIFESTUA
Manifestuak zioenez, «euskaraz bizitzea ez da esprinta, bizitza osoko maratoia baizik. Poliki poliki, baina gelditu gabe, euskaraz bizi nahi dugu, guk arnasa hartzen dugun neurrian, gure hizkuntzak har dezan arnas. Euskararen kirolean ez dugu ekipazio garestirik behar. Euskararen kirolerako mingaina dantzatzeko gogoa bertzerik ez dugu behar. Baina euskararen kirola taldeko kirola da. Euskararen kirola praktikatzeko euskaraz arituko diren solaskideak behar ditugu ondoan.
Euskararen kirolean ere zenbat eta gehiago ari, zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta gusturago sentituko gara. Orduan eta errazago iganen ditugu aldapak, inolako esfortzurik gabe, naturaltasunez.
Euskararen kirolean denak gara irabazle. Euskararen kirolean denok lortzen dugu saria: euskaldun izatearen saria. Euskararen kirolerako baldintza guztiak dauzkagu: badugu ekipazioa, badugu gogoa, baditugu euskararen kirola praktikatzeko espazioak, eta badugu euskararen kirola praktikatzeko denbora. Hortaz... egin dezagun kirola euskaraz eta praktika dezagun euskararen kirola!».
PROBA ETA ARGAZKIA
Parte hartzaileen artean denek elkarrekin beroketa ariketak egin ondotik, lasterketak hasi ziren. Ttikienek 100 bat metroko lasterketa egin zuten, Herriko Etxetik ateri eta Allineko bidegurutzeraino joan-etorria. 6-14 urte artekoek 500 metro osatu zituzten, herriari buelta emanez eta koxkorragoek, eta helduek, 2 kilometroko ibilbideari itzuli bat edo bi ematea aukeran izan zuten.
Bukaeran parte hartzaile guztiekin argazki erraldoia egin zuten, baita parte hartu duten guztien artean hainbat sari zozketatu ere. Frontoian ostatua (opilak eta edaria) eta materiala erosteko aukera izan zen goiz osoan.