Komentuko lokal bat Gaztetxea egiteko utzi du Herriko Etxeak

Aitor AROTZENA 2015eko urtarrilaren 8a

225 metro koadro hartuko ditu, bi solairutan banatuak

Harriondoa Kultur Etxearen konplexuaren barnean dagoen lokal bat utziko du Udalak gaztetxea egiteko. Lokal hori lehengo komentuko elizaren ondoan dauden areto batzuk osatzen dute, gaur egun biltegi moduan erabil­tzen direnak. Abenduaren 10ean egindako bilkuran, areto hori doan uzteko espedientea hastea erabaki zuen. 12 urterako utziko da lokala, 20 urte arte luzatzen ahal den epea.

Egokitzeko proiektuaren arabera, lokalak guztira 225 metro koadroko azalera izanen du, 71 beheko solairuan eta 154 lehenengoan. Bertzalde, egokitzeko obrari dagokionez, Ganasak eta Nafarroako Gobernuko Arkitektura-ondareko Zerbi­tzuak egindako txostenetan ezarritakoa bete beharko du.

Irabazteko asmorik ez duen herriko gazte elkarte bati utziko zaio lokala. Kontuan hartu behar da leku hori aspaldidanik biltegi gisa erabili dela eta Udalak baduela bertze bat, beraz, ez du momentuz horren beharrik. Lokala Udalaren jabetzakoa den ondarezko ondasun bat denez, espedientea jendaurrean paratu zuten abendu hondarra bitarte, udal iragarki taulan eta udalaren web orrian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun