Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Berako eta Lesakako Udalen ekimenez, jubiloteka zerbitzua eskaini dute Beran eta Lesakan. Lesakan 13 parte hartzaile izan dira eta Beran berriz 20. Horretaz gain, azpimarratu behar da boluntarioen laguntza. Urteari amaiera eman eta berriari gogoz ekiteko besta bikaina egin zuten Beran, abenduaren 19an.
Pertsona hauen elkarbizitza eta garapena lortzeko tresna da jubiloteka. Kultura, aisia eta erlazio sozialez gozatu eta ideiak proiektuak, kezkak, beldurrak eta ilusioak partekatuz, bakardadeko sentimentuak uxatzeko ingurua. Jokin Apezetxeak azaldu digu «jubiloteka, nagusiak urte askoz, ilusioz eta zoriontasunez bizitzen laguntzeko bitartekoa da. Pertsona hauen bizi kalitatea hobetu eta persona bezala maila guztietan hazten segi dezaten».
Helburu desberdinak ditu jubilotekak. Batetik, galera fisikoa, soziala eta kognitiboa aurrez ikusi eta pertsonaren autonomía sustatzea lortu nahi da. Gainera, elkartzeko lekua ere bada erlazio sozialez, aisiaz eta kulturaz gozatzekoa eta menpekotasuna duten pertsonen senitartekoei atseden bat emateko ere bitarteko egokia da.