Eneritz REKARTE eta Itsaso ALCALDE | Anixe Elkartea

Gurutze PIKABEA 2015eko urtarrilaren 8a

Anixe Elkarteko Itsaso Alcalde eta Eneritz Rekarte. Utzitako argazkia

«Prozesu sexista baten bidez neska ala mutila nola izan irakasten digute»

Kulturartekotasuna, generoa, familia eredu berriak... Gisa honetako gai sozialak jorra­tzeko asmoz sortu dute Eneritz Rekarte eta Itsaso Alcaldek Anixe Elkartea. Lesaka eta Berako bi gazte hauek «gogo eta ilusio haundiz» paratu dute martxan egitasmoa, gaian hutsune handia dagoela iritzita. Azaldu digutenez, gai aunitz landu nahi dituzte, baina orain, batez ere haurrekin genero ­berdinta­su­naz ari nahi dute. Horren ­baitan, tailerrak, hitzaldiak, dokumentalak... eskaini nahi dituzte. 
 
Gurutze PIKABEA
 
Zein da Anixe Elkartearen helburu nagusia? 
Zonaldean ikusi dugun hutsune handi bat bete­tzea da gure helburua,  batik bat, gai sozialak jo­rratuz. Eskualdeko jendearengana hurbildu nahi dugu, haur, gazte zein­ helduengana.
 
3-16 urte bitarteko haurrentzako genero berdintasuna lantzeko tailerrak antolatuko dituzue. Azaldu... 
Hau lantzen pasatu dugu denbora gehiena. Eskualdean hutsune nabarmena dagoela somatu genuen, ez zegoela gai hau lantzeko aukera aunitzik. Haurren artean ere handitzen ari da mutilen eta nesken arteko ezberdintasuna. Gurasoek ere kezka hau azaldu digute­ eta tailerrak antolatzeko martxan jarri gara. Taile­rrak adinaren arabera banatuko ditugu, lehenengo Haur Hezkun­tzako hau­rrak, Lehen Hezkun­tzan hiru talde eginen ditugu eta azkenik DBHko taldea. Haur eta Lehen Hez­kuntzan gai berak landuko ditugu, baina zail­tasun maila ezberdinarekin. Landuko ditugun gaien artean, kirola, lanbideak, etxeko lanak, jolasak, arropa... izanen dira. Tailerrak dinamikoak izanen dira jolas, an­tzerki, eskulanen... bitartez eginen ditugunak. DBHn, ordea, pil-pilean dauden eta hurbileko gaiak­ landuko ditugu, hala nola, ikasketen aukera­keta, genero indarkeria, mikromatxismoak, telesailak, kasu praktikoak, musika, biodeoklipak, iragarkiak, berdintasun planak... ikusiko ditugu. 
 
Nola ikusten duzue genero berdintasunaren gaia eskualdeko hau­rren artean? 
Landu beharreko erronka moduan. Kontzien­tzia falta handia dago, gizartean bertan arrotza da gai hau. 
 
Zein dira haurrak berdintasunean hezteko oinarrizko gakoak? 
Pertsona guztioi, jendar­teratze prozesu sexista baten bidez, neska ala mutila nola izan irakasten digute. Jaiotzen gare­netik gure gain espero dir­en espektatibak ikasten ditugu. Gure sexu berdina daukan jendea eredutzat hartzen dugu eta haiek egiten dituzten jokaera berdinak errepikatzen ditugu. Hezkide­tza jendarte sisteman parekidetasuna lortzeko aukera da, gure sexu eta generotik at hezteko aukera, pertsona bakoitza­ gure banakotasun eta berezitasunekin heztea. Gaur egungo irizpide se­xistak jarraitu gabe, gure­ sexuari egokitutako rolak, baloreak, portaerak... kontuan hartu gabe hez­tea. Pertsona autonomoak izatea, gure bizitza proiektuen jabe izanda, hurbileko inguruarekin el­karbizitzan egotea eta behar ditugun gaitasunak garatzea da helburua. Eskubide berdintasunaren ideologian oinarritzen da, askatasuna, ezberdintasuna eta elkartasuna gehituz.
 
Zer ez da egin behar? 
Nahiko toleranteak gara­. Hainbat espresio hagitz barneratuak ditugu. Nenaza bezalako espresioak edonon eta noiznahi entzun ditzakegu eta normalizatuak ditugu. Horre­lako jarrerak behin eta be­rriz sortzen dira, diskurtsoaren gibeletik da­goe­nari erreparatu gabe­.
 
Zuek nola landu nahi duzue genero berdintasuna? 
Zoritxarrez, jendarte se­xista batean sozializa­tzen ari gara eta haur zein­ gazteei bertze eredu bat eskaini nahi diegu­. Horretarako, ezinbertzekoa da modu kontziente­ batean egitea. Berez ateratzen zaiguna, inongo fil­trorik gabe, ez delako hezitzailea. Hortaz, gene­roaren betaurrekoak jar­tzera gonbidatu nahi dugu, errealitatea bertze mo­du batera aztertzera. Gure egitasmoan euskarak duen ga­rran­tzia ere az­pimarratu nahi­ko genuke. Material­ gehiena gaztelaniaz eta in­gele­sez­ dago eta hau dena euskaratzeko lana har­tu dugu, tailerrak, hitzaldiak...­ euskaraz eskaini ahal izateko. 
 
EGIN BEHAR EZ DENA
«Hainbat espresio hagitz barneratuak ditugu. Nenaza bezalako espresioak edonon eta noiznahi ­entzun ditzakegu eta normalizatuak ditugu. Horrelako jarrerak behin eta berriz sor­tzen dira, diskurtsoaren gibeletik dagoenari erreparatu gabe».

HUTSUNE HANDIA
«Genero berdinta­sunaren gaian kontzientzia falta handia dago gure eskualdeko haurren artean, gizartean ­bertan gaia arrotza da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun