IrriSarri Landek lankidetza hitzarmena sinatu du Adacenekin

TTIPI-TTAPA 2015eko urtarrilaren 8a

Adaceneko Francisco Fernández eta Irrisarri Landeko Joxe Elgorriaga, hitzarmena sinatu ondotik. Utzitako argazkia

Elkarteko erabiltzaileek abantailak izango dituzte parkean

Garun-kalte hartuaren Nafarroako Elkarteak (Adacen) eta IrriSarri Land Igantziko abentura parkeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten abenduaren 29an. Horri esker, elkarteko erabiltzaileek parkerako lehentasunezko sarbidea izango dute eta hainbat merchandising objektu egingo dituzte bertako dendarako.

Garun-kalte hartuaren Nafarroako Elkarteak (Adacen) eta IrriSarri Land Igantziko abentura parkeak lankidetza hitzarmena sinatu zuten abenduaren 29an. Horri esker, elkarteko erabiltzaileek parkerako lehentasunezko sarbidea izango dute eta hainbat merchandising objektu egingo dituzte bertako dendarako.

Joxe Elgorriaga IrriSarri Land parkeko gerenteak eta Francisco Fernández Adaceneko zuzendariak hitzarmena sinatu zuten. Elgorriaga, hain zuzen, Adacenen egoitzan izan zen eta bertako erabiltzaileek jasotzen duten laguntza berezituarekin liluratuta gelditu zen. Errehabilitaziorako baliatzen dituzten teknologia berriak interesatu zitzaizkion bereziki.

Adaceneko erabiltzaile eta profesionalek IrriSarri Land parkea bisitatuko dute udaberrian, eta pertsona elbarrientzat egokitutako jarduerak probatu ahal izango dituzte, tartean, Europako tirolina handienetakoa.

Bertzetik, Adaceneko erabiltzaileek parkeko dendan salgai izanen diren txapa, botila-irekigailu eta ispiluak eginen dituzte tailerretan; objetuok haien jatorria eta elkarteari buruzko informazioa duten txartelekin identifikatuta egongo dira dendan. Elkarteko bazkideek, halaber, parkeko jarduerez gozatu ahal izanen dute prezio berezian.

Adacenek anbulatorio-erregimenean eta eguneko zentroan eskaintzen dituen errehabilitazio eta kronikotasunerako arreta-programak laguntzeko jarduerak antolatuko ditu etorkizunean IrriSarri Landek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun