2014. urteko azken larunbatean burutu zen Bortzirietako taldekako 16. bertso txapelketa. Zortzi hirukotek hartu dute parte eta Lesakako Arrano elkarteko afalondoan egin zen finalean, Ioar Tainta lesakarrak, Jon Barberena baztandarrak eta Manu Goiogana irundarrak osatutakoa nagusitu zitzaion Xabier Terreros, Josu Sanjurjo eta Jon Silveiira lesakarrenari.
Xabier Terrerosek eskuratu zuen bertso onenari emandako Kotto Saria. Bertsolariak ez ezik, gai-emaileak, epaileak eta musikariak ere Bortzirietako Bertso Eskolak jarri zituen, urtero bezala eta giro ederra izan zen bai Arranon, baita kanporaketa ezberdinak jokatu ziren ostatuetan ere.