Arantzako udalak herrian bizi den Haizea Ziluagaren eta bertze 15 euskal herritarren atxiloketa salatu du urtarrilaren 13an egin duen ez ohiko batzarrean. Udalak bere elkartasun eta sostengu osoa helarazi die Haizearen senitarteko eta lagunei eta atxiloketa salatzeko, hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioei atxiki eta horietan parte hartzeko deia luzatu nahi die herritarrei.
Arantzako udalak gogor salatu du atxilotu gehienak Haizea Ziluaga bezala abokatuak izan arren, Guardia Zibilak operazio baten bitartea atzematea erabaki duela, «ia egunero epaitegietan jarduera publikoan egoten badira ere».
Haizea Madrilen atxilotu zuten atzo, bertan baitzegoen Ezker Abertzaleko 35 kideren aurka hastear zen epaiketan defentsa lanak egiteko. Atxiloketekin, herritar hauek babes juridikorik gabe gelditu dira eta «modu honetan, agerian geratzen da, hasiera hasieratik, operazi hau ernaldu duen bulkada politikoa». Atxiloketak Bilbon larunbatean egindako manifestazio handiaren kontrako mendekua direla ere uste du Arantzako Udalak.
Arantzako udalak onartutako mozioak dioenez, «dagozkigun eskubide guztiak aldarrikatzen jarraituk dugu, baina gure burua engainatu gabe. Gure herriarentzak bake, demokrazia eta askatasun eszenatoki posible bakarra Espainiar estatutik kanpo dago».
Horregatik, «aranztar eta euskal herritar guztiei bake, demokraziaeta askatasun eszenatoki posible bakar hori errealiteta bilakarazteko indarrak biltzeko» deialdia egin dute Arantzako Herriko Etxetik. «Espainiar estatuaren mendeku politika eta gerra estrategiaren aurka egiteko indarrak biltzeko garaia da, gure bidean –bake eta demokraziarako Euskal Bidean– indarrak biltzeko deia egiten diegu aranztarrei eta orokorrean Euskal Herriari», dio oharrak.
Haizea Ziluagaren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea ere egin zen astelehenean Arantzako Plazan. Elkarretaratzeek atxilotua dagoen bitartean segituko dute Arantzan. Gaur arratsaldeko 7etan izanen da elkarretaratzea. Lesakako plazan ere arratsaldeko 8etan eginen da elkarretaratzea.