20 olentzero eta 5 jaiotza plazaratu ziren Lesakako lehiaketara

Aitor AROTZENA 2014ko abenduaren 26a

Jaiotza lehiaketan bortz talde plazaratu ziren. Aitor Arotzena

Aitzineko bi urteetan bezala, Añarrak taldeak irabazi zuen sari nagusia

Neguko eguraldi bikainarekin, hotz baina eguzkitsu egin zen Lesakako Olentzero eta jaiotza lehiaketan parte hartze handia izan zen. 300 euroko sari nagusia eta Esparza Sari berezia, azken bi urteetan bezala, Añarrak taldeak eskuratu zuen. Ikusi argazkiak

Neguko eguraldi bikainarekin, hotz baina eguzkitsu egin zen Lesakako Olentzero eta jaiotza lehiaketan parte hartze handia izan zen. 300 euroko sari nagusia eta Esparza Sari berezia, azken bi urteetan bezala, Añarrak taldeak eskuratu zuen. Ikusi argazkiak

Bortz jaiotza atera ziren eta Irintxo taldea izan zen irabazle 10 urte artekoen kategorian eta Asmazak 11 urtetik goitikoan. Zerbitzuen Elkarteak hobekien kantatzen zuenari emandako 100 euroak Kostata taldearentzat izan ziren.

Olentzero lehiaketan, berriz, 20 talde plazaratu ziren kategoria ezberdinetan. 10 urte artekoetan bederatzi talde atera ziren eta Ezpartzingilea izan zen garaile, Iraindarrak bigarren eta Bildotsak hirugarren; 11 eta 15 urte artekoen kategorian, sei talde atera ziren eta Artoa prestatzen nagusitu zen, Mixtuk izan zen bigarren eta Oilagorrak hirugarren. 16 urtetik goitikoen kategoria nagusian, Añarrak taldeak irabazi zuen lehen saria, baita Esparzarena eta Zerbitzuen Elkartearena. Horrela, arratsaldez bandarekin batera ateratzeko eskubidea irabazi zuen. Bigarren saria, Errekakuk taldeko neskek eskuratu zuten eta hirugarrena Beraska taldeak.

Lehiaketatik kanpo, presoekiko elkartasun taldeak kantatu zuen. Horretaz aparte, bertze talde bat ere ibili zen karrikaz karrika eskean, galbidean dagoen ohitua berreskuratuz, gaiteroen laguntzarekin.

Arratsaldean, talde irabazleaz gainera, Tantirumairu ikastolarena eta amnistiaren aldekoa ibili ziren karrikaz karrika.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun