Lehen aldiz antolatu den Euskal Herriko klub arteko pilota txapelketa nazionalaren finalerdietan izanen da Bortziriak. Amezketan jokatutako final laurdenetako kanporaketan, jokatutako hiru partidak irabazi zizkion Iparralderi eta orain Usurbil izanen du arerio urtarrilaren 4ko finalerdietan.
Zenbait aldaketa egin zituzten bortziritarrek, baina halere emaitza ederra lortu zuten Amezketan. Lau terdiaren barreneko partidan, Beñat Mitxelena beratarrak 18-9 irabazi zion Etxegarairi. Buruz buruko partidaren emaitza oraindik garbiagoa izan zen eta Jon Olaizola lesakarrak 18-2 irabazi zion Lurori. Binakako partidan, azkenik, Ander Errandonea eta Iñigo Martinezen 22 eta 6 irabazi zieten Mendy anaiei.
Urtarrilaren 4an jokatuko dute finalerdia Usurbil eta Bortzirietako pilotariek eta irabazleak urtarrilaren 11ko finalean izanen dira.