Bortzirietako bertso eskolaren XVI. Taldekako lehiaketa larunbatean erabakiko da Lesakan

TTIPI-TTAPA 2014ko abe. 23a, 07:42
Hamaseigarrenez jokatuko dute taldekako bertso txapelketa Bortzirietan. Artxiboko argazkia

Arranon eginen den afariaren ondotik jokatuko da finala

Bortzirietako bertso eskolak hamaseigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da larunbatean. Lehen kanporaketa abenduaren 19an, ortziral arratsean jokatu zuten Berako Katakun, baina gainerako saioak, finalerdiak eta finala abenduaren 27an eginen dituzte Lesakan. Denera, zortzi hirukotek eman dute izena.

Bortzirietako bertso eskolak hamaseigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da larunbatean. Lehen kanporaketa abenduaren 19an, ortziral arratsean jokatu zuten Berako Katakun, baina gainerako saioak, finalerdiak eta finala abenduaren 27an eginen dituzte Lesakan. Denera, zortzi hirukotek eman dute izena.

Abenduaren 19an Katakun jokatu zen lehen kanporaketan, alde batetik Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Jokin Pinatxo aritu ziren eta bertzetik, Anjeltxo Aranibar, Julen Zelaieta eta Iker Gorosterrazu. Azken hauek nagusitu ziren doi-doi, baina Beratik “selekzio” bat eramanen omen dute larunbatean Lesakara, hain zuzen Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaietak osatutakoa.

Abenduaren 27an, larunbat eguerdiko 12:30ean Zialdon jokatuko den kanporaketan, Lesakako Xabier Terreros, Josu Sanjurjo eta Jon Silveira, Malerrekako hirukotearen kontra ariko da (Ander Fuentes Itturri, Egoitz Gorosterrazu eta Ander Lizarralde). Egun berean, 14:00etan Antoiun eginen den bazkariaren ondotik, Juan Mari eta Maialen Lopez aita-alabak eta Joxe Juan Zubieta Etxabe, Baztango hirukotearen kontra ariko dira (Bittor Elizagoien, Xabi Maia eta Kotte Plaza). Xarutan 17:00etan eginen den hirugarren saioan, Eneko Fernandez, Iñigo Olaetxea eta Iban Garro alde batetik eta Ioar Tainta, Jon Barberena eta Manu Goiogana bertzetik ariko dira.

Ondotik, finalerdian txanda etorriko da. 18:30ean Koskillan jokatuko dute lehenbizikoa Berako selekzioak (Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaieta) Zialdoko saioko irabazleen kontra eta bigarrena 20:00etan Atxaspin izanen dute, Antoiuko irabazleek Xarutako irabazleen kontra.

Finala Arranon jokatuko da. 21:30ean afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun