Abenduaren 24an, asteazkenean, urtero bezala Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa ospatuko du Lesakako Plaza Zaharrean. 16 urtetik goitiko kategoria nagusiko lehen saria 300 eurokoa izanen da.
Urtero bezala, Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitanahiez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. 11-15 urte arteko taldeetan gaztetxoek beraiek egindako lana baloratuko da. Lehiaketa eta ondorengo sari banaketa plazan izanen da eta 11:30erako Olentzeroak eta Jaiotzak bertan egon beharko dute. Kategoria bakoitzean banatuko diren sarietaz gain, olentzero hoberenari Esparza Saria emanen zaio, eta hobekien abesten duen Olentzero eta Jaiotzarentzat ere, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak ehuna euroko sariak emanen ditu. Ilunabarrean Olentzero irabazlea kalejiran ibiliko da Musika bandaren laguntzarekin.
Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.
Lesakako Udaletik Olentzero ez xehetzea aholkatu dute, honek haurrengan duen eraginagatik. Bertzalde, Olentzeroak xehetuz gero, biltzeak suposatzen duen kostua xehetu duen taldearen gain joanen da.
Lehiaketarik ez, baina eskualdeko bertze hainbat herrietan ere izanen du hitzordua Olentzerok asteazkenean. Gehienetan musika doinuekin eta kantuz emanen diote ongietorria, eta neska-mutikoek beraien eskutitzak ere emanen dizkiote. Ea bada, ortzegun goizean gustoko oparia topatzen duten!