Xanta Souza lesakarrak, txinga eramaten berak zeukan Euskal Herriko errekor ofiziala hobetu zuen azaroaren 27an herriko ferietan, 50 plaza eta 17 metro eginez (denera, 1.147 metro, 25na kiloko txingak esku banatan zuela). Aipatzekoa da bi hilabete lehenago, irailaren 27an Barakaldon jokatu zen Euskal Herriko txapelketa irabazterakoan hobetu zuela aitzineko errekorra Xantak, 49 plaza eskas eginez (48 plaza, hiru laurden eta 2,35 metro). Lehenagoko errekorra ere Brasilen jaiotako lesakarrak zeukan, 2012an Elizondon egin zen Euskal Herriko txapelketan 47 plaza eta erdi pasatxo egin baitzituen.
ESTITXU ALMANDOZEN MARKA PERTSONALA
Lesakako ferietako ohiko herri kirol jaialdiak bertze erakargarri berezi eta polita bazuen. Hain zuzen, Estitxu Almandoz herriko harrijasotzaileak 100 kiloko kopa harriarekin egin behar zuen marka pertsonal ahalegina. Azkenean, bortz minutuko txandan 17 altxaldi eman zizkion harritzarrari.