Herriko kultur mapa osatu nahi du Kultur Etxeak

Irune eta Itsaso 2014ko abenduaren 11

Elkarte edo talde bakoitzak fitxa bete behar du bere datuekin

Azken urteetan he­rrian kultura, natura eta kirolaren inguruko zenbait elkarte eta talde be­rri sortu dira. Aitzinetik zeuden elkarte edo taldeei (Altxata, Andra mari, Etxalarko trikitilariak…) berriak gehitu zaizkie, errate baterako Etxalarko gaztik, Etxa­larko Natur-zaleak Zanpingorri taldea etab. Honek, urtean zehar antolatzen diren ekitaldiak anitzagoak izatea ahalbidetu du. Denetara gaur egun 15 elkarte edo talde daude Etxalarren.

Talde edo elkarte guztien datuak bilduta, Etxalarko urteko kultur egutegia osatuko da, urtean zehar egiten diren ekitaldi desberdinak zehaztuz. Hauen artean badira aspaldidanik (Usategietako igandea, Gasna feria...) antola­tzen direnak, azken urteetan antolatzen hasi direnak (Gazte eguna, Usategietako tradizioaren besta) eta baita data finkorik ez dutenak baina urtero antolatzen direnak (Udazkeneko kultur egunak).

Mapa honen funtzioa informatiboa izanen da. Etxalarko web orrian zintzilikatuko da eta baita herriko elkarte eta taldeen artean banatu ere. Baina hori lortu ahal izateko, elkarte edo talde bakoi­tzak  fitxa bete eta Kultur Etxeko gutunon­tzian bota beharko du.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun