Euskararen erabilera normalizatzeko plana martxan jarri du Udalak

Aitor AROTZENA 2014ko abenduaren 11

Lan hizkuntza euskara izatea da helburu nagusia

Euskararen erabilera plana onartu zuen udalak urriaren 3ko osoko bilkuran eta jarraipen batzordea izendatu ondoren, plana martxan jarri da. Horretarako, herritarrei informazioa bidali zaie, gutun baten  eta bando baten bitartez.

Idatzi horretan ageri denez, Herriko Etxea Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide da, Euskal He­rriko bertze 71 udalekin batera. «UEMAko kide garen udalek hizkuntza politika aurrerakoiak sostengatzen ditugu, gure udalerrietako egoera soziolinguistikoa (biztanlegoaren %70 baino gehiago  euskalduna) aintzat hartuta», diote idatzian. 

Izan ere, udalerri euskaldunak «ezinbestekoak gara gure hizkuntzaren berreskurapenean. Euskararen arnasguneak dira eta, bertan, belaunaldiz belaunaldi euskara bere bizitasun osoarekin transmititu da. Etorkizunean ere horrela izaten jarraitzea nahi badugu, arnasguneen izaerari  behar adinako garrantzia aitortu behar diegu, eta guri dagokigunean, hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatu».

Hori dela eta, Udalaren euskararen erabilera normalizatzeko plan berria abiatu dute. Helburu nagusiak, «udalaren lan hizkuntza euskara izatea, erakunde publikoekin ditugun ha­rremanak euskaraz izatea eta zerbitzu hizkun­tza euskara izatea» dira, beti ere, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.

Herritarrak ere euskararen erabileraren normalizazio prozesuan ezinbertzekoak direnez, «zure egunerokoan egin beti euskaraz, baita udaletxera zatozenean ere» diote ida­tzian.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun