Berako Iturlandetako bizilagunek bere ezinegona adierazi dute, Udalak bere aldetik auzoko 2. zenbakia duen eraikinenean Iratxek prestatu duen beilatokiaren erabilerari irekiera lizentzia emateko tramiteak «gordeka» egiten ari delako. Behin irekiera lizentzia emandakoan, hori errekurritzekoa asmoa dutela ere aipatu dute. Asteartean burutu zen udal batzarrean ere bere protesta azaldu zuten bizilagunek.
Bizilagunen oharrak dioenez, «jakin badakigu, legearen aldetik begiratuta beilatokia jartzen ahal dela baina guk apirila ezkero ordenantzaren aldaketa eskatzen jarraitzen dugu. Ez dugu nahi, Berako edozein etxebizitzen azpian inolako tanatorio edo beilatokirik jartzea. Ez dugu uste demokratikoki ongi jokatzen ari dela gure udala, lehentasuna negozio pribatua ezartzeari eman diolakoz, herriko auzokideen eta 900 sinadura baino gehiagok ematen duten zilegitasuna kontutan hartu gabe».
Orain beilatokiko atearen ondoan Herriko Etxearen izenburua duen kartelaren bitartez ez aparkatzea eskatzen du Udalak. Debeku hau lanak egiten adi diren bitartean izanen dela espero dute Iturlandetako auzotarrek, «ez dugulako Berako bertze lokaletan inoiz horrelako idatzirik ikusi».
Zahar Etxean dagoen beilatokiarekin zer gertatuko den ere jakin nahi dute bizilagunek, zerbitzu honekin zer gertatuko den eta Iratxe eta Zahar Etxeak orain duten lotura eten eginen ote den: «Orain Iratxek lokal hori erabiltzen duen aldiro Zahar etxeari diru kopura ordaintzen dio, eta gero? Hemendik aitzinera ez du zerbitzua harat bideratuko eta Zahar etxeak ez du ordainsarik izanen? Bertze enpresa batek emango du zerbitzua? edo Iratxek izango du haren exklusibitatea?».
Iturlandetako bizilagunek ordenantzak aldatzearen alde lanean segituko dutela adierazi dute eta «Udal honi berriz eskatu nahi diogu, eta ez zaigu izugarrizko handikeriarik iruditzen, Arartekoak adierazi duen bezala, eta ez dugu uste legez kanpoko eskaera denik, kontutan hartu gaitzan».