Euskal Herriko kluben arteko lehen txapelketa nazionalean parte hartuko du Bortziriak pilota elkarteak

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 16a

Iñigo Martinez (ezkerrean) binakako partidan ariko da Beñat Mitxelenarekin eta Jon Olaizola (eskuina) buruz burukoa kantxa osoan. Artxiboko argazkia

Abenduaren 21ean Iparralderen kontra ariko da Amezketan

Lehen aldiz antolatu den Euskal Herriko kluben arteko lehen txapellketa nazionalean parte hartuko du Bortziriak pilota elkarteak. Abenduaren 21ean, igande arratsaldeko 5etan ariko da Iparralderen kontra eta autobusa ere antolatu dute.

Lehen aldiz antolatu den Euskal Herriko kluben arteko lehen txapellketa nazionalean parte hartuko du Bortziriak pilota elkarteak. Abenduaren 21ean, igande arratsaldeko 5etan ariko da Iparralderen kontra eta autobusa ere antolatu dute.

Igande arratsaldean hiru partida jokatuko dituzte Bortziriak eta Iparraldeko ordezkariek, lau terdiaren barrenean lehenengoa (Ander Errandonea beratarra izanen da bortziritarren ordezkari), frontoi osoan banaka bigarrena (Jon Olaizola lesakarra ariko da) eta bikoteka hirugarrena (Beñat Mitxelena eta Iñigo Martinez beratarrak ariko dira). Sarrera eta busa 10 euro gostako da eta txartelak Agara prentsa dendan daude salgai. Autobusa igande arratsaldeko 3etan abiatuko da Beratik.

Bortziriak eta Iparralderekin batera, Aurrera Saiaz, Usurbil, Huarte, Zaramaga, Zazpi Iturri eta Adiskide pilota elkarteak ariko dira txapelketan.

 

Diario Vasco txapelketaren finalean Ander Errandonea

Bertze aldetik, Bankoa Diario Vasco txapelketako finalak abenduaren 23an, astearte arratsaldeko 5etan jokatuko dituzte Zumarragan. Promesas mailan Bortzirietako ordezkari bat izanen da finalean, Ander Errandonea beratarra. Urizarrekin bikote eginez, Laso eta Erasunen kontra ariko dira finalean.

Senior kategoriako finalean, Labaka eta Azpitarte, Iribarria eta Irustaren kontra ariko dira. Final honetarako ere autobusa aterako da Beratik eta txartelak 10 eurotan salgai daude Agara prentsa-dendan. Astearte arratsaldeko 3etan abiatuko da autobusa Beratik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun