Igantziko Kultur Egunak ekitaldiz gainezka datoz aurten ere abenduaren 6tik 8ra

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 5a

Igande goizean, Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa eginen da Igantzin. Artxiboko argazkia

Bortzirietako Euskaraz Bizi nahi dut lasterketa eginen da igandean eta ajoarriero txapelketa astelehenean

Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak kultur egunak antolatu ditu. Abenduaren 6, 7 eta 8an izanen dira ekitaldiak. Nagusiena, igande goizean eginen den Bortzirietako Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa izanen da, baina astelehen eguerdiko ajoarriero txapelketa ere aipatzekoa da, bertze hainbat ekintzen artean.

Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak kultur egunak antolatu ditu. Abenduaren 6, 7 eta 8an izanen dira ekitaldiak. Nagusiena, igande goizean eginen den Bortzirietako Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa izanen da, baina astelehen eguerdiko ajoarriero txapelketa ere aipatzekoa da, bertze hainbat ekintzen artean.

 

Larunbata, abenduak 6

• 10:00etan hasita eta eskolako gimnasioan, Felix Ligosek margoketa tailerra eskainiko du. Irakasle hori margoketa teknika berezi bat lantzen aritzen da eskolako haurrekin, emozio hezkuntzako programaren barrenean. Bi orduko tailer honen bitartez bereziki gurasoei aukera eman nahi zaie erabiltzen duen teknika ezagutzeko.

• 11:00etan hasita, Elizateko kanpoko aldeko paretan mural bat margotuko dute herriko gazteek, Zabal bideak eta aireak gure hizkuntzak har dezan arnas leloarekin. Nahi duen guztiak parte hartzen ahal du.

• 16:00-18:00 eskolan haurren eskulanak ikusgai egonen dira. Ondotik haurrentzako berendua izanen da.

• 22:00etan, Baratzondon, Baga, biga, higa ikuskaria izanen da, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezekin. Hi­tzaldi-kontzertu honen bitartez, bi kantariek euskal kantagintzari errepasoa eginen diote, 60. hamarkadatik hasita gaur egunera arte.

 

Igandean, abenduak 7

• 10:30ean hasita, Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa. Izen emateak 10:30ean hasiko dira (14 urtetik goiti 5 euro, ttikiagoak doan), baina horrekin parte hartzaile guztiek zoz­keta batean parte hartuko dute. Sari ederrak zozketatuko dira: otorduak Igantziko La Villa jatetxean eta Donostiako Garraxi jatetxean, Irri Sarri Landerako sarrerak, Errigora saskiak, Igantziko produktuen saskiak, DVD portatila... Adinaren arabera lau ibilbide izanen dira: 5 urte bitarteko haurrek 70 m-ko lasterketa eginen dute; 6-13 urte bitartekoek 500 m-koa; 14-15 urtekoek 2.000 m-ko ibilbidea eginen dute; 16 urtetik goitikoek aukeran izanen dute ibilbide haundiari buelta bat edo bi emateko. Goiz osoan opilak eta materiala erosteko aukera izanen da.

• 17:00etan frontoian herriko haurren arteko pilota partidak izanen dira.

• 21:00etan, Baratzondon, antzerki emanaldia izanen da. Olatz Pagaldai aktoreak Erdaldun berrien kluba antzezlana eskainiko du. AEDk ekoitzi du obra, eta gidoia Idoia Etxeberriak egin du. Umore klabean baina betiere kontzientzian azkura sortzeko asmoarekin, Irantzu protagonistak erdaldun berri izatearen gaineko gogoeta eginen du.

 

Astelehena, abenduak 8

• 12:00etan frontoian toka txapelketa izanen da, haur nahiz helduentzat.

• 12:00etan frontoian, ajoarriero txapelketa hasiko da.

• 13:00etan ajoarriero dastaketa izanen da, eta txotx egiteko aukera. Nahi dutenek probatu ahal izanen dituzte lehiaketako ajoa­rrieroak eta txartel ba­tzuen bitartez onena zein den bozkatu ahal izanen dute. Bukaeran botoa eman dutenen artean zozketa bat eginen da, eta parte hartu duten sukaldariei sariak emanen zaizkie.

• 18:00etan eskolan Bortziriak. Uraren magaletik, euskararen bidean dokumentala eskainiko da. Dokumental horrek Igantziko (eta Bortzirietako) adineko jendeari duela urte batzuk egindako elkarrizketak ditu oinarri, eta haiek kontatzen dituzten pasadizoak antzeztuz herriko hainbat haur eta gaztek parte hartu dute. Ondotik, dokumentala salgai egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun