Nafarroako sokatira txapelketako bigarren saioa jokatu zen azaroaren 8an Berriozarren. Jardunaldi honetan 640 kilo azpiko gizonezko taldeek eta 375 kilo azpitiko emakumezkoek hartu zuten parte. Lehen saioan bezala, gizasemeetan Lesakako Beti Gazte eta emakumeetan Berriozar-Amaiur nagusitu ziren, lehen txapelak eskuratuz.
Gizonezkoetan tiraldi guziak irabazi zituen Beti Gaztek (4 puntu), Amaiur izan zen bigarren (3 puntu) eta Txantreak eta Berriozarrek elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten. Sailkapen orokorrean, Beti Gazte izan da lehenbizikoa (8 puntu), Amaiur bigarren (6 puntu), Txantrea hirugarren (3,5 puntu) eta Berriozar laugarren (2,5 puntu). Talde txapeldunean, Markel Suarez, Karmelo Mitxelena, Julen Palenzuela, Oskar Telletxea, Beñat Oronoz, Mikel Apeztegia, Agoitz Altzugarai eta Pascual Taberna aritu ziren, Iñigo Altzugarai entrenatzailearekin eta Joseba Lasa laguntzailearekin.
Seinaka jokatu zen emakumezkoen 375 kiloko kategorian, berriz, Berriozar-Amaiur nagusi izan zen, Amaiurko lehen saioan bezala. Honela, 6 puntu pilatu eta txapeldun izan dira. Basaburua-Imotz eta Txantreak berdindu egin zuten bigarren saioan, baina lehen jardunaldia kontuan hartuz, Basaburua-Imotzek eskuratu du bigarren postua (3,5 puntu) eta Txantrea izan da hirugarren (2,5 puntu).
600 KILOKO GIZASEMEAK ETA TXAPELKETA MISTOA
Hau esku artean duzuenerako, gizasemeen 600 kiloko txapela eta 550 kiloz beheiti jokatzen den txapelketa mistoko txapelak ere emanak izanen dira. Azaroaren 16an Aldatzen jokatutako lehen jardunaldian Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak gizonezkoen lehian, Amaiur bigarren izan zen, Berriozar hirugarren eta Txantrea laugarren. Txapelketa mistoan, berriz, Berriozar nagusitu zen, Amaiur eta Txantrearen aitzinetik. Azaroaren 22an jokatzekoa zen hondar jardunaldia Lakuntzan.