141 azienda plazaratu ziren Lesakako feria egun jendetsuan

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 28a

Azken urteetan baino behi gehixeago eta zaldi guttixeago plazaratu zituzten. Aitor Arotzena

Gillenbordako Javier Altzugaraik, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eta Joseba Irigoien lesakarrak eskuratu zituzten sari nagusiak

141 azienda aurkeztu ziren ortzegun goizean Lesakako Plaza Zaharra ingurura, Bortzirietako feria egunean parte hartzera. Horietatik 81 zaltabereak ziren, tartean ponniak, pottokak eta monturakoak zirela, 56 behi, batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat eta lau ahari. Julio Salinas albaitari eta lehiaketako epaimahaikideak errandakoaren arabera, «azken urteetan baino zaltabere guttixeago eta behi gehiago plazaratu dituzte, baina beti bezala kalitate onekoak». Ikusi argazkiak

141 azienda aurkeztu ziren ortzegun goizean Lesakako Plaza Zaharra ingurura, Bortzirietako feria egunean parte hartzera. Horietatik 81 zaltabereak ziren, tartean ponniak, pottokak eta monturakoak zirela, 56 behi, batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat eta lau ahari. Julio Salinas albaitari eta lehiaketako epaimahaikideak errandakoaren arabera, «azken urteetan baino zaltabere guttixeago eta behi gehiago plazaratu dituzte, baina beti bezala kalitate onekoak». Ikusi argazkiak

Haragitako behien kategorian hiru lehenbiziko sariak, 190, 160 euro eta 100 eurokoak, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat izan ziren.

Suitzen kategorian, 190 euroko lehen saria eta 160 euroko bigarrena, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairen bi bururentzat izan ziren. Hirugarren saria, berriz, 100 euro, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zuen.

Azken urteetan bezala, ez zen esnetako behi holandesarik aurkeztu eta hutsean gelditu ziren sariak.

Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria Lesakako Joseba Irigoienen zaldi bikainarentzat izan zen, 95 euroko bigarrena Bixente Arozena aranztarrarentzat eta 50 euroko hirugarrena Iriberriko Jon Muñoarentzat. Azken urteetan bezala, pottoka, montura eta ponni onenak ere saritu ziren. Honela, Marisol Otxotekok 100 euro eskuratu zituen pottoka onenarengatik, Maribel Indak 80 euro bere montura behorrarengatik eta Jaime Etxegarai beratarrak 70 euro ponni onena plazaratzeagatik. Aharietan, lau buru aurkeztu zituzten Arantzatik. Lehen saria (50 euro) Leoncio Oskoz eta Gorka Goñik aurkeztutakoarentzat izan zen eta bigarren eta hirugarren saria (30 eta 20 euro), Dani Lukanbioren bi bururentzat.

Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan eta Beheko Plazan bildu ziren, 25 artidau denera. 18 elikadura postu ere jarri ziren plazako aparkaleku inguruan eta bertze hamarka salerosketa postu ere jarri zituzten.

 

Xantak Euskal Herriko errekorra eta Estitxu Almandozek marka pertsonala

Plazan, herri kirol saioa izan zen Larretxeatarren eskutik. Patxi Larretxea eta Santxin altueran aizkoran, Nerea Sorondo, Amaia Garcia, Itxaso Onsaloeta Leire Astiazaran emakumeak aizkoran eta arpanan edo Joseba Otaegi, Felix Etxeberria eta Donato eta Oihan Larretxea aizkoran ikusteko aukera izan zen. Baina ohiko jaialdiaz gain, bi marka bikain ikusteko aukera izan zuten plazara hurbildutako zaleek. Alde batetik, Xanta Souza herritarrak, txinga eramaten berak zeukan Euskal Herriko errekor ofiziala hobetu zuen, 50 plaza eta 17 metro eginez (denera, 1.147 metro, 25na kiloko txingak esku banatan zuela). Bertzetik, Estitxu Almandozek bere marka pertsonala egin zuen ehun kiloko kopa harriarekin. Bortz minutuko txandan, 17 aldiz bizkarreratzea lortu zuen.

Azienda lehiaketako sariak banatzen zituzten artean, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.

 

Ajoarriero lehiaketa

Lesakan egun handia ortzegunekoa izan bazen ere, asteazkenean ere izan ziren zenbait ekitaldi. Nagusiena, Beti Gazte elkarteak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa. Ikusi Rafael Eneterreagaren argazkiak

Guzira 12 bikote bildu ziren Beheko Plazan, horietatik 7 Bortzirietako Gorriak peñarenak, eta hiru lehenbiziko sariak Osasunazaleen peña horretako bikoteentzat izan ziren. Lehenbizikoa, Agustin Zubietak eta Patxi Oteizak lortu zuten, bigarrena Mertxe Etxepare eta Egoitz Telletxea ama-semeek eta hirugarrena ere Belen Compains eta Mikel Aitor Flores ama-semeek. Maria Jesus Errazkin, Pepita Zubillaga, Felisa Taberna, Txiku Antzizar eta Agustin Arriolak osatutako epaimahaiak lana gogotik egin behar omen zuen erabakitzeko. Beheko Plaza ingurura bildutako jendetzak ajoarrieroa dastatzeko aukera ere izan zuen.

Musika ere izan zen Beheko Plaza inguruan. Trikitilari eta panderojoleek bere ibilbidea egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun