Urtero bezala, Beti Gazte elkarteak argazki lehiaketa antolatu du. Urrian argazkizale aunitzek beraien lanak aurkeztu zituzten. Guzira, 48 argazkilarik 135 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino 30 gehiago.
Iaz bezala, aurten ere lehenbiziko saria Andres Indurain Gutierrez irundarrak lortu du, El árbol del lago izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra), Valentziako José Bent Doatok eskuratu du Pastor 1 lanarekin.
Kirol argazki hoberenarentzako saria, 200 euro eta garaikurra, Iruñeko Javier Camacho Jimenok lortu du Gure Himalaya III argazkiarekin. Eta azkenik, Ana Agirretxe Olaetxea argazkilariak herriko egile hoberenarentzako saria lortu du, Chiaroscuro argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.
Ignacio Zaldua elizondarrak, Oronoz-Mugairiko Josu Inziartek eta Irantzu Pastor lesakarrak osatutako epaimahaiak lana gogotik egin behar izan du, lanen kalitatea azpimarratzekoa izan baita. Horren erakusgarri, ohiko sariez gain, hiru finalista ere izendatu dituzte: Gironako Banyolas-eko Miquell Planells Saurina, En el espejo argazkiagatik, Valentziako Jose Bent Doato, Blue mets argazkiagatik eta Irungo Miguel Cabezas Centeno, Belleza natural argazkiagatik.
Argazki guztiak Harriondoa Kultur Etxeko komentuan daude ikusgai azaroaren 30era bitarte. Astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 19:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era zabalik egonen dira komentuko ateak.
LOGOTIPO LEHIAKETAKO ERAKUSKETA ERE
Heldu den urtean ospatuko duen 75. urteurrenari begira logotipo lehiaketa ere deitua zuen Beti Gaztek. 14 egilek 26 diseinu aurkeztu dituzte eta hauek ere komentuan ikusgai izanen dira abenduaren 1a bitarte, ordutegi berean. Gainera, Beti Gazteko bazkideek 3 diseinu bozkatzeko aukera ere izanen dute. Elkartearen webgunean ere ikusgai daude diseinuak ta bertan ere bozka daitezke gustukoenak.