Liburuzain lanpostuko deialdia errepikatu beharko du

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 27a

Sententziak udalari arrazoia emanda ere, ez du bermatzen euskara derrigorrezkoa izatea

Nafarroako Gobernuak liburuzain lanposturako euskara ezagu­tzarik ez eskatu izana auzitara eraman zuen Udalak. 2013ko urrian jakinarazi zuen epaitegiak sententzia, Nafa­rroako Gobernuak hura errekurritu zuen, eta behin betiko sententzia ezagutzera eman du Nafa­rroako Auzitegi Gorenak. Epaiak argi adierazten du liburutegiko arduradun lanpostua Nafarroako Gobernuarena izanda ere, zerbi­tzua Bera eta bertako herritarrei ematen dien neurrian, udalak baduela legitimazioa horrelako kasuetan errekurtsoak paratzeko eta Nafa­rroako Gobernua behartzen du liburuzain lanpostua berriz ere oposizio-lehiaketara ateratzera, eta euskara jakitea merezimendu gisa baloratu beharrekoa dela dio. Horren irakurketa gazi-gozoa egiten du udalak, izan ere, argi geratzen baita Nafa­rroako Gobernuak ez zuela ongi jokatu euskararik ez zuenean eskatu lanpostu horretarako, baina Nafarroako Euskararen Legeak dioena erreklamatzera ez da heldu, euskara derrigorrezkoa izatea, alegia. Udalak eskatua zuen lanpostu horretarako derrigorrezkoa izatea euskararen ezagu­tza, Bera eremu euskaldunean dagoelako, eta beraz, administrazio publikoak bermatu egin behar dielako herrita­rrei arreta bi hizkuntzatan. Epaiak ez ditu ase Berako Udala eta UEMA, zerbitzua euskaraz eman ahal izateko ezinbertzean administrazioko lanpostuetan euskararen ezagutza meritu baino derrigorrezkoa izan behar baita, ber­tzelakoan nekez berma baitaiteke herritarren eskubideak errespetatzea.

Udalak eta UEMAk Nafarroako Gobernuari oroitarazi nahi diote ez duela bere legea ere betetzen, eta hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dituela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun