4,6 milioiko aurrekontua onartu du Udalak ahobatez

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 27a

Lesakako udalarekin batera egin beharreko ur-hornidura proiektua izanen da inbertsio nagusiena

Udaleko Osoko Bilkurak azaroaren 11n aho batez onartu ditu 2015rako aurrekontuak, Aralar, Bildu, EAJ eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 4.627.163,91 eurokoa izanen da aurrekontu osoa, 2014koaren berdintsua. Horretarako 99.684,91 euroko mailegua hartzeko aurreikuspena egin du Udalak, kopuru hori baita egungo lege berriarekin Herriko Etxeak heldu den urtean gehienez hartzen ahal duen mailegua.

Atal gehienetan ez dago aldaketa nabarmenik, eta oro har, zeuden horretan mantenduko dira ia sail guztiak.

Inbertsioen atala, 1.648.851,83 eurokoa izanen da aurten. Diru horren ia zati osoa, aurten hastekoa zen baina azkenean 2015ean gauzatuko den Berako eta Lesakako Udalek elka­rrekin ur-hornidurarako landuko duten proiektura bideratuko da. Egitasmo osoaren aurrekontua 1.456.558,55 eurokoa da (gehi BEZa),  Nafarroako Gobernuaren %90eko dirulagun­tza izanen du, gainerakoa ordaintzeko bi udalen artean adostu dute, Lesakako Udalaren ekarpena %3,5a izanen da eta Berako Udalak proiektuaren %6,5 hartuko du bere gain.

Gainerako inbertsioak kopurutan ttikiak dira, Espainiako estatuko estabilitate legeak hala behartuta. Berako ur hornidurarako 60.000 euro bideratuko dira, nahiz eta azkenean proiektua 100.000 euro ingu­rukoa izanen den. Eztegara frontoia moldatzeko 40.000 euro bideratuko dira heldu den urtean. Obra osoaren aurrekontua 120.000 eurokoa da. Herriko Etxe­ko bigarren solairua moldatzeko 30.000 euro bideratuko dituzte. Marisol Taberna alkateak aipatutakoaren arabera, «Herriko Etxeko bigarren solairu osoa dago berritzeko, kopuru honekin pleno aretoa egokitu nahiko genuke eta ez dakigu ailegatuko den». Musika Eskolan zenbait inbertsio egiteko 21.000 euro bideratuko dituzte, bertzeak bertze galdara aldatu beharra baitute nahitaez, baita gelaren bat insonorizatu eta tresna batzuk eta ordenagailuren bat erosi ere. Ricardo Baroja eskolan leihoak aldatzeko 15.000 euro izanen dira eta ur zikinen hodia hodi biltzaile orokorrera lotzea (8.000 euro), Beralandetako bidea egokitzea (7.293,28 euro) eta bertze lantto ba­tzuk ere eginen dira.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun