Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa egin zen abenduaren 7an Igantzin

TTIPI-TTAPA 2014ko abenduaren 9a

Ttikienek ere izan zuten euskararen alde lasterka egiteko aukera. Aitor Arotzena

Adin guztietako korrikalariek parte hartu zuten, euskarari sustengua emanez

Kontseiluak bultzatuta, duela bi urte Euskaraz bizi nahi dut lasterketa egiten hasi ziren Euskal Herriko hainbat herritan. Bortzirietan Beran egin zen lehen lasterketa hura, eta iaz, berriz, Lesakan. Lasterketa herriz herri txandakatuz egitea hobetsi zenez, aurten Igantzin egin da abenduaren 7an, igande goizean, Igantziko Euskara Batzordeak antolatua. 70 korrikalari baino gehiagok aurre egin zioten hotzari, euskarari sustengua emanez. Ikusi argazkiak

Kontseiluak bultzatuta, duela bi urte Euskaraz bizi nahi dut lasterketa egiten hasi ziren Euskal Herriko hainbat herritan. Bortzirietan Beran egin zen lehen lasterketa hura, eta iaz, berriz, Lesakan. Lasterketa herriz herri txandakatuz egitea hobetsi zenez, aurten Igantzin egin da abenduaren 7an, igande goizean, Igantziko Euskara Batzordeak antolatua. 70 korrikalari baino gehiagok aurre egin zioten hotzari, euskarari sustengua emanez. Ikusi argazkiak

Izen emateak itxita, Bortzirietako bertso eskolako neska-mutikoek hasiera eman zioten ekitaldiari, egun honetarako bereziki prestatutako bertso-xorta kantatuz. Ondotik, Beñat Txoperena eta Cristina Arbues herriko kirolariek manifestua irakurri zuten, Egin dezagun kirola euskaraz, praktika dezagun euskararen kirola izenburupean.

 

Manifestua

Egin dezagun kirola euskaraz

Gaur Igantzin elkartu gara euskararen kirola praktikatzeko, kirola egitean ere euskaraz bizi nahi dugulakoz.

Euskaraz aritzeko ditugun momentuak eta espazioak zabaldu nahi ditugu. Etxean eta lagunartean euskaraz bizi nahi dugu, baina baita lanean, eskolan, dendetan, ostatuetan, kirolean... toki guzietan!

Euskarari gure bizitzako esparru hori ere eskaini nahi diogu gure entrenamenduetan, konpetizioetan, eguneroko paseoan nahiz iganderoko bueltaxkan, pedalkadaz pedalkada, pausoz pauso edo lasterka.

Euskaraz bizitzea ez da esprinta, bizitza osoko maratoia baizik. Poliki poliki, baina gelditu gabe, euskaraz bizi nahi dugu, guk arnasa hartzen dugun neurrian, gure hizkuntzak har dezan arnas.

Praktika dezagun euskararen kirola

Euskararen kirolean ez dugu ekipazio garestirik behar. Euskararen kirolerako mingaina dantzatzeko gogoa bertzerik ez dugu behar.

Baina euskararen kirola taldeko kirola da. Euskararen kirola praktikatzeko euskaraz arituko diren solaskideak behar ditugu ondoan.

Euskararen kirolean aldapak, zuloak edo harri koxkorrak topatuko ditugu, baina baita paisaia zoragarriak ere, eta, nola ez, poz eta satisfazio aunitz.

Euskararen kirolean ere zenbat eta gehiago ari, zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta gusturago sentituko gara. Orduan eta errazago iganen ditugu aldapak, inolako esfortzurik gabe, naturaltasunez.

Euskararen kirolean denak gara irabazle. Euskararen kirolean denok lortzen dugu saria: euskaldun izatearen saria.

Euskararen kirolerako baldintza guztiak dauzkagu: badugu ekipazioa, badugu gogoa, baditugu euskararen kirola praktikatzeko espazioak, eta badugu euskararen kirola praktikatzeko denbora. Hortaz...

EGIN DEZAGUN KIROLA EUSKARAZ ETA PRAKTIKA DEZAGUN EUSKARAREN KIROLA!

 

Parte hartzaile guztien artean Leire Portuk gidatutako beroketa ariketak egin ondotik, lasterketak hasi ziren. Ttikienek 100 bat metroko lasterketa egin zuten, Herriko Etxetik ateri eta Allineko bidegurutzeraino joan-etorria. 6-14 urte artekoek 500 metro osatu zituzten, herriari buelta emanez eta koxkorragoek, eta helduek, 2 kilometroko ibilbideari (plaza, Unanu auzoa, Okolburu auzoa, herriko iturria eta plaza) itzuli bat edo bi ematea aukeran izan zuten.

Bukaeran parte hartzaile guztiekin argazki erraldoia egin zuten, baita parte hartu duten guztien artean hainbat sari zozketatu ere. Frontoian ostatua (opilak eta edaria) eta materiala erosteko aukera izan zen goiz osoan.

 

Zozketak

Lasterketa ez zenez konpetitiboa, ez zen irabazleentzako saririk izan, baina parte hartzaile guztiek dortsal zenbakiarekin zozketan parte hartu zuten. Sari ederrak eman zituzten, bertzeak bertze: La Villa (Igantzi) eta Garraxi (Donostia) jatetxeetan otorduak, Irrisarri Landerako sarrerak, Errigora saskiak, herriko produktuekin osatutako saskiak, DVD eramangarriak, motxilak, Euskaraz bizi nahi dut material loteak, liburuak, DVDak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun