Euskararen erabilera normalizatzeko plana martxan jarri du Lesakako Udalak

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 28a

Udalaren lan hizkuntza euskara izatea da helburu nagusia

Lesakako udalak euskararen erabilera plana onartu zuen urriaren 3ko osoko bilkuran eta jarraipen batzordea izendatu ondoren, plana martxan jarri dute. Horretarako, herritarrei informazioa bidaliko zaie, gutun baten eta bando baten bitartez.

Lesakako udalak euskararen erabilera plana onartu zuen urriaren 3ko osoko bilkuran eta jarraipen batzordea izendatu ondoren, plana martxan jarri da. Horretarako, herritarrei informazioa bidaliko zaie, gutun baten eta bando baten bitartez.

Idatzi horretan ageri denez, Lesakako Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide da, Euskal Herriko beste 71 udalekin batera. «UEMAko kide garen udalek hizkuntza politika aurrerakoiak sostengatzen ditugu, gure udalerrietako egoera soziolinguistikoa (biztanlegoaren %70 baino gehiago euskalduna) aintzat hartuta», diote idatzian.

Izan ere, udalerri euskaldunak «ezinbestekoak gara gure hizkuntzaren berreskurapenean. Euskararen arnasguneak dira eta, bertan, belaunaldiz belaunaldi euskara bere bizitasun osoarekin transmititu da. Etorkizunean ere horrela izaten jarraitzea nahi badugu, arnasguneen izaerari behar adinako garrantzia aitortu behar diegu, eta guri dagokigunean, hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatu».

Hori dela eta, Lesakako Udalaren euskararen erabilera normalizatzeko plan berria abiatu dute. Helburu nagusiak, «udalaren lan hizkuntza euskara izatea, erakunde publikoekin ditugun harremanak euskaraz izatea eta zerbitzu hizkuntza euskara izatea» dira, beti ere, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.

Herritarrak ere euskararen erabileraren normalizazio prozesuan ezinbertzekoak direnez, «zure egunerokoan egin beti euskaraz, baita udaletxera zatozenean ere» dio Lesakako Udalak idatzian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun