Bortzirietako azienda onenak sarituko dituzte ortzeguneko Lesakako ferietan

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 26a

Eskulangileen produktuak ikusteko eta dastatzeko aukera ere izanen da. Artxiboko argazkia

Asteazkenean, ajoarriero lehiaketa antolatu du Beti Gaztek

Azaroko azken ortzegunean, hilaren 27an, eginen dira Lesakako feriak. Urtero bezalaxe, Bortzirietako azienda onenek eta saltzaileen postuek beteko dituzte karrikak Lesakako Udalak antolatu duen egun osoko bestan. Baina bezperan, asteazkenean ere, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa eta bertze zenbait ekitaldi izanen dira.

Azaroko azken ortzegunean, hilaren 27an, eginen dira Lesakako feriak. Urtero bezalaxe, Bortzirietako azienda onenek eta saltzaileen postuek beteko dituzte karrikak Lesakako Udalak antolatu duen egun osoko bestan. Baina bezperan, asteazkenean ere, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa eta bertze zenbait ekitaldi izanen dira.

Ortzegun goizeko egitarauari dagokionez, artisauek egindako lanak ikusteko aukera izanen da Beheko Plazan: egurra landuz, hariak lotuz... Herriko karriketan azienda saila, gozogileek egindako pastel eta mokadu goxoak, denetarik eskaintzen duten saltzaileen postuak... egonen dira egun osoz. Aipatzekoa da Tantirumairu ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek Eskol-Ttikin jartzen duten postuaren irabaziak, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Ébolaren kontra egiten ari den kanpainara bideratuko dutela.

Lesakako ferietan protagonismo handia hartzen dute inguruko abelburuek, Bortzirietako azienda lehiaketa egiten baita. Goizeko 11:00etatik aitzinera Plaza Zaharrean eta inguruko karriketan betabereak, zaldiak, pottokak, monturakoak, poniak, ahariak eta zatalbereak egonen dira ikusgai.

Lehiaketa kategoria desberdinetan banatua dago eta horren arabera banatzen dituzte sariak. Hala, aurkeztuko diren behiak suitza, holandesa eta haragitako kategorietan banatu eta maila bakoitzeko hiru onenak sarituko dituzte, 190, 160 eta 100 euroko sariekin. Zaldietan, 125, 95 eta 50 euroko sariak izanen dira hiru onenentzat. Azken hiru urteetan bezala, pottoka (100 euro), montura (80 euro) eta poni (70 euro) onenek ere saria jasoko dute eta ahariak ere plazaratu eta saria izanen dute (50 eurokoa lehenbizikoak, 30 eurokoa bigarrenak eta 20 eurokoa hirugarrenak). Sari banaketa eguerdi partean eginen dute eta orduan jakinen da zein diren aurtengo Bortzirietako azienda hoberenen jabeak.

Herri kirolek ere ez dute hutsik eginen, 11:00etatik aitzinera aizkolariak arituko dira lanean. Ondoren, Lesakako Bertso Eskolak antolatzen duen bertso saioa izanen da Plaza Zaharrean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan. Tenore horretan eginen da azienda lehiaketaren sari banaketa ere.

Goizeko ekitaldien ondotik, arratsaldean pilota partidak jokatuko dituzte. 17:30ean hasiko dira eta bi partida izanen dira. Lehenbizikoan, lau terdiaren barrenean ariko dira Jon Olaizola eta Gaizka Otxandorena, buruz buru. Gero, afizionatu mailan, binaka ariko dira Azpiri eta Martinez, Dorronsoro eta Erostarberen kontra. Sarrera: 5 euro.

Eguna borobiltzeko 19:00etatik aitzinera Trikibeltz taldearen musikarekin dantzan aritzeko aukera izanen da.

 

Asteazkenean ere bai

Feria egun handia ortzegunean izaten den arren, bezperan ere hasten da nabaritzen karriketan giro berezia. Beti Gazte Elkarteak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa jokatuko da 18:00etatik aitzinera Beheko Plazan. Ordu berean, Lesakako Trikitixa taldeak kalejira eginen du. Gainera, Irain eskolan azoka eginen dute asteazken goizean, ikasleak salerosketan trebatzeko eta diruarekin manejatzen hasteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun