Ortzegun eta ortziral gauean kontzertuak antolatu dituzte Kataku ostatuan

Ttipi-Ttapa 2014ko azaroaren 20a

Terry Lee kantariak ortzegunean eskainiko du kontzertua.

Ortzegunean Terry Lee Hale kantautore, gitarrista eta istorio-kontalari estatubatuarra ariko da eta ortziralean Zaragozako Rouille taldea

Ortzegunean, 20:00etatik aitzinera, Terry Lee Hale Parisen bizi den kantautore, gitarrista eta istorio-kontalari estatubatuarra ariko da eta ortziralean, 22:30ean hasita, Zaragozako Rouille taldea. Frantsesez abestutako rock ilun eta indartusa lantzen du talde honek.

Musika talde aunitzen agertoki bilakatua da Berako Kataku ostatua eta azaroko agenda ere kontzertuz betea du. Ortzegun honetan, erraterako, Terry Lee Hale Parisen bizi den kantautore, gitarrista eta istorio-kontalari estatubatuarrak kontzertua eskainiko du Katakun, 20:00etatik aitzinera. 80. hamarkadatik etengabe gitarra bizkarrean harat eta honat ibilitako folk eta blues bidaiaria da Terry Lee. Hamar disko eta bi bildumako ibilbidea du esku artean, eta bere betiko klasikoez gain, The long draw bere lan berriko kantuak aurkeztuko ditu bakarkako formatuan Beran.

Ortziralean, berriz, Zaragozako Rouille taldea ariko da Katakun. Frantsesez abesten duen rock ilun eta indartusa lantzen du eta Amanda Woodward, Interlude, Prau edo Vision Tunel bezalako taldeetan aritutako kideek osatzen dute taldea. Urte bateko ibilbidea du eta zazpi abestiko On tue ici izeneko diska grabatu berri du. Zaragozatik Frantzia alderako bidean geldialdia eginen du Beran.

Heldu den astean, berriz, azaroaren 28an, Lurra taldea gonbidatu dute. Iñigo Muguruzak eta Ane Garciak zuzentzen duten proiektua da Lurra eta Akatsa sisteman izeneko lan berria aurkeztuko dute Katakun. Indie-folk, world, blues, reggae, ragtime, ska, jazz, dub... Iñigoren ibilbidean ohikoa den bezela, azken lan berri honetan ere musika aunitzen nahasketa jorratu dute, beti ere soinu akustikotik abiatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun