4,6 milioi euroko aurrekontua onartu du Berako Udalak aho batez

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 19a

Lesakako udalarekin batera egin beharreko ur-hornidura proiektua izanen da inbertsio nagusiena

Berako Udaleko Osoko Bilkurak azaroaren 11n aho batez onartu ditu 2015rako aurrekontuak, Aralar, Bildu, EAJ eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 4.627.163,91 eurokoa izanen da aurrekontu osoa, 2014koaren berdintsua. Horretarako 99.684,91 euroko mailegua hartzeko aurreikuspena egin du Udalak, kopuru hori baita egungo lege berriarekin Herriko Etxeak heldu den urtean gehienez hartzen ahal duen mailegua.

Berako Udaleko Osoko Bilkurak azaroaren 11n aho batez onartu ditu 2015rako aurrekontuak, Aralar, Bildu, EAJ eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 4.627.163,91 eurokoa izanen da aurrekontu osoa, 2014koaren berdintsua. Horretarako 99.684,91 euroko mailegua hartzeko aurreikuspena egin du Udalak, kopuru hori baita egungo lege berriarekin Herriko Etxeak heldu den urtean gehienez hartzen ahal duen mailegua.

Atal gehienetan ez dago aldaketa nabarmenik, eta oro har, zeuden horretan mantenduko dira ia sail guztiak.

Inbertsioen atala, 1.648.851,83 eurokoa izanen da aurten. Diru horren ia zati osoa, aurten hastekoa zen baina azkenean 2015ean gauzatuko den Berako eta Lesakako Udalek elkarrekin ur-hornidurarako landuko duten proiektura bideratuko da. Egitasmo osoaren aurrekontua 1.456.558,55 eurokoa da (gehi BEZa), Nafarroako Gobernuaren %90eko dirulaguntza izanen du, gainerakoa ordaintzeko bi udalen artean adostu dute, Lesakako Udalaren ekarpena %3,5a izanen da eta Berako Udalak, berriz, proiektuaren %6,5 hartuko du bere gain.

Gainerako inbertsioak kopurutan ttikiak dira, Espainiako estatuko estabilitate legeak hala behartuta. Berako ur hornidurarako 60.000 euro bideratuko dira, nahiz eta azkenean proiektua 100.000 euro ingurukoa izanen den. Eztegara frontoia moldatzeko 40.000 euro bideratuko dira heldu den urtean. Obra osoaren aurrekontua 120.000 eurokoa da. Herriko Etxeko bigarren solairua moldatzeko 30.000 euro bideratuko dituzte. Marisol Taberna alkateak aipatutakoaren arabera, «Herriko Etxeko bigarren solairu osoa dago berritzeko, kopuru honekin pleno aretoa egokitu nahiko genuke eta ez dakigu ailegatuko den».

Musika Eskolan zenbait inbertsio egiteko 21.000 euro bideratuko dituzte, bertzeak bertze galdara aldatu beharra baitute nahitaez, baita gelaren bat insonorizatu eta intrumentu batzuk eta ordenagailuren bat erosi ere. Ricardo Baroja eskolan leihoak aldatzeko 15.000 euro izanen dira eta ur zikinen hodia hodi biltzaile orokorrera lotzea (8.000 euro), Beralandetako bidea egokitzea (7.293,28 euro) eta bertze lantto batzuk ere eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun