Hilabeteetako lanaren ondotik eta hainbat lagunen arteko elkarlanari esker, tradizioa eta ingurugiroarekiko errespetua uztartzen dituen proiektua gauzatu dute IrriSarri Landen. Munduko txondorrik handiena eraiki dute (uneotan hala omen da, behintzat), eta larunbatean, azaroak 15, piztu eginen dute sorpresaz beteriko ospakizunean. 17:00etan hasiko da ekitaldia, eta luxuzko gonbidatu bat izanen du: Iñaki Perurena harrijasotzailea.
IrriSarri Landeko lurretan txondorrak eraiki eta haietatik ikatz begetala ateratzeko ohitura izan da aspalditik. Ikatz hori etxeetan kontsumitzeko eta sarrera ekonomikoak eskuratzeko erabiltzen zuten. Iragan urrian, munduko txondorrik handiena eraikitzen hasi zen IrriSarri Land 500 urte baino gehiago dituen ohitura berreskuratu, beronen berri eman eta finka garbi mantendu asmoz. Parkeko 25.000 kilo haritz-egur baliatu dituzte horretarako. «Txondorrek, ikatz begetala egiteko ez ezik, lurra eta mendiak garbi mantentzeko ere balio zuten. Izan ere, ikazkinek ardura handiz biltzen zuten txondorra egiteko egurra», azaldu du Joxe Elgorriaga IrriSarri Landeko kudeatzaileak. Elgorriagak Goizuetako Luis eta Ibon Elicegui, Fernando Goya eta Josean de Arraiz ikazkin gazteekin batera, eta Andoni Etxenikeren laguntzarekin, hartu du parte txondorraren eraikuntzan. Gazteek aita eta aitonengandik ikasi zuten ogibidea, eta txondorrak egiten dihardute ohitura gal ez dadin. Etxenikek aitarekin egin zuen azken txondorra orain 35 urte egin zuela oroitzen du. Goizuetako gazteak berarekin harremanetan jarri ziren, eta azken hiru urteetan bortz txondor eraiki dituzte. Oro har, 6.000 eta 8.000 kilo egur artean baliatzen dituztenez, IrriSarrikoa guztiz ezohiko txondorra da.
Pizte festa
Larunbatean, azaroak 15, txondorraren piztea eginen dute IrriSarri Landeko aterpetxetik hagitz hurbil. Interesa duen guztia bertaratu ahal izanen da. Ekitaldia 17:00etan abiatuko dute. Munduko txondorrik handiena nola eraiki duten azalduko dute lehenik, eta ondoren Iñaki Perurena arduratuko da hura pizteaz. Perurenak, gainera, eskultura bat jasoko du aitortza eta eskertza gisa. 18:00etatik aurrera, txondorraren kea pantaila moduan erabiliz, izaki mitologikoen irudiak eta eraikuntza prozesuko argazkiak (hologrametan) proiektatuko dituzte. Bertzetik, sorpresa ugari izanen dira eta Olentzero bera ere gerturatuko da ekitaldira, abenduaren 24an denon etxeetara etorriko dela gogorarazteko. Ekitaldia txalaparta doinuz lagunduta egonen da.
Ekimenak urteroko ekitaldi izateko bokazioa du antzinako lanbidea iraunarazi, eta bide batez, ingurumena zaintzeko.
Txondorretik ateratako ikatzaren erdia (lau egur tonatik, tona bat ikatz ateratzen da) IrriSarri Landeko kontsumora bideratuko dute (Jauregiko jatetxera eta Jolastokiko tabernara). Laurden bat Paris 365 jangela sozialera eraman nahi dute eta bertze laurdena Pasaiako nao San Juanen eraikuntza lanetan erabiltzeko. Azken zati hau, gainera, garai bateko trenbidean barna gurdietan eraman nahi dute Behobiaraino bederen, bere garaian ikatza, sagardoa eta gaztainekin egiten zen bezala.
Prozesua eta esperientzia ahaztezin baterako gonbidapena
Une horretatik aurrera, IrriSarri Landeko boluntarioek txondorra zainduko dute, eta prozesua ongi badoa, abenduaren amaieran hasiko dira ikatza ateratzen. «Gonbidapena luzatu nahi diegu txondorraren zaintzan parte hartu nahi dutenei, bertan gau bat igarotzea esperientzia zirraragarria izango baita», aitortu du Elgorriagak.
Urrian hasi ziren IrriSarri Landeko txondorra prestatzen. Lehenik, egurrezko sarea osatu zuten, eta erdigunean egitura eusten duen enborra, alkatea, kokatu zuten.
Enbor horren kontra, behetik eta erditik hasita, enbor txikiagoak jarri zituzten. Lodienak lehenik, estuagoak ondoren. Egiturak kono itxura hartu zuenean, orbelez eta lurrez estali zuten. Txondorra piztutakoan, ikazkinek zortzi egunez elikatu beharko dute. Goiko aldean zulo batzuk egingo dizkiote arnasa hartu dezan, eta egurra egosi ahala, zuloak geroz eta beherago egingo dizkiote. Ondoren, hainbat egunez lan egiten utziko diote, eta egurra egositakoan, hozten utziko dutea bizpahiru egunez. Segidan, pixkanaka desegin eta ikatza aterako dute.