Unai Santamaria eta Lurdes Oiartzabal nagusi Lizuniagako XXXIV. Igoeran

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Lizuniagako Igoeraren irteera eta gizon nahiz emakumeen podiumak. Utzitako argazkiak.

Proba nagusian 97 kirolarik hartu zuten parte

97 korrikalarik parte hartu zuten urriaren 25ean Lizuniagako Igoeraren 34. edizioan. Gizasemeeen artean, Manttaleko Unai Santamaria hernaniarra nagusitu zen (17.54), Doneztebeko Santi San Miguel (17.56) eta iaz irabazi zuen Victor Madejon irundarraren (18.09) aitzinetik. Arantzako Mikel Altzuri laugarren izan zen eta podiumetik 7 segundora gelditu zen (18.16). Nesketan, Lurdes Oiartzabal lezota­rra izan zen garaile (21.20), Nerea Amilibia aiatarra bigarren (22.35) eta Uharteko Itsaso Oloriz hirugarren (23.18). Aitzinetik, ehun neska-mutikok parte hartu zuten lasterketa ttikietan.
 
Berako Gure Txokoa elkarteak hogeita hamalaugarren aldiz antolatutako proban 4,9 kilometro osatu behar izan zuten korrikalariek.
 
Hasieratik taldetxo bat sortu zen, Santi San Miguel doneztebarrak eraso egin zuen eta tartetxo bat ateriz azkeneko kilometrora ailegatu zen, baina Unai Santamariak, Manttale taldeko kideak, indarrez ai­tzindu zuen bukaeran eta azkenean bi segundorengatik bere lehenbiziko garaipena lortu zuen Lizuniagako Igoeran. Aurten ere San Miguelek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
 
Gwendal Larqué (19:12) eta Garbiñe Iguaran (25:34) izan ziren lehenbiziko berata­rrak eta aipagarria da Batixta Telletxearen partehartzea ere, hogeita hamalau edizioetan atera baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun