Julio Caro Barojaren mendeurreneko ekitaldien baitan, bere figura eta lana ikasgeletan landu ahal izateko, liburuxka argitaratu du Berako Udalak. 40 orriko liburuxka da, eta Julio Caro Baroja ez ezik, Barojatarren familia ezagutzeko aukera ematen du. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat prestatu da materiala, eta ikasgeletan jasoko dute, zuzenean, lanerako koadernoa.
Liburuxka hiru ataletan banatzen da. Lehendabizikoan, hainbat testu eta ariketen bidez, ikasleek pertsonaia misteriotsu bat deskubritu behar dute. Horretarako, Baroja familiaren inguruko informazio ugari jasoko dute. Bigarren atalean baserria landuko dute, hau izan baitzen Julio Caro Barojaren etnografia lanetako ardatz garrantzitsuenetariko bat. Hirugarren atalak euskal egutegi tradizionala du ardatz, eta hori nola egituratu den, eta euskarazko izenak nondik datozen landuko dute. Lanaren egileak Lupe Mendigutxia eta Caro Barojaren mendeurreneko lantaldea izan dira.