‘Euskaraz bizi nahi dut’ lasterketa herrian eginen da aurten

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Joan den urtean Lesakan egin zen lasterketan herritarrek ere parte hartu zuten. Artxiboko argazkia

Abenduko kultur egunen baitan antolatuko dute

Aitzineko urteetan Beran eta Lesakan egin ondotik, aurten Igantzin izanen da Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa. Euskara Ba­tzordea ari da antola­tzen, eta lasterketa aben­duko kultur egune­tan eginen da, hain zuzen ere abenduaren 7an, igande goizez. Ba­tzordea egitaraua lotzen ari da, baina eskualdean lasterka ari diren guztiek jakin dezaten, haur, gaztetxo nahiz helduentzako ibilbideak prestatzen ari dira. Lasterka abiatu baino lehen, ekitalditxo bat izanen da plazan, eta bukaeran ere bai, baita parte hartzaile guztien­tzako zozketak, jan-edanak, kamiseten salmenta….
 
AJOARRIERO TXAPELKETA ERE
Abenduko kultur egunetan ajoarriero txapelketa ere izanen da,  abenduaren 8an, astelehen goizez. Igantziko Biltoki ari da hori pres­tatzen, eta jendea parte hartzera animatu nahi du. 12:00etan hasiko da lehiaketa, eta 13:00e­tarako ajoarrieroak prest egon beharko du. Bi modutara hartzen ahal da parte. Batetik, bikoteka, ajoarrieroa lehiaketarako prestatuz. Ho­rretarako Biltokik parte hartzaile guztiei bakailua emanen die, eta 10 euro behar dituzten bertze gaiak erosteko. Par­te hartzaileek ajoa­rrieroa prestatzeko behar dituzten tresna guz­tiak eraman beharko dituzte; mahaiak Biltokik paratuko ditu. Parte hartu nahi dutenek abendu­aren 1a baino lehen izen eman beharko dute.
 
Bertze aldetik, gainerako herritarrek ere parte hartzen ahalko dute, ajoarrierorik hoberena zein den aukeratuz. Horretarako Biltokik nahi duen guztiari ajoa­rrieroak probatzeko aukera emanen dio, eta txartelean modu anonimoan paratuko dute zein den ajoarrierorik hoberena. Horrela erabakiko da zein izan den irabazlea. 
 
Bukaeran sariak izanen dira ajoarriero lehiaketako irabazleen­tzat, baita zozketa bat ere botoa emanez parte hartu duten herrita­rrentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun