Azaro hondarrean helduko da feria giroa Lesakara

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Azaroko azken ortzegunean, hilaren 27an, eginen dira Lesakako feriak. Urtero ­bezalaxe, ganadu sailek eta saltzaileen postuek beteko dituzte karrikak Lesakako Udalak antolatu duen egun osoko bestan. 
 
Goizean artisauek egindako lanak ikusteko aukera izanen da Beheko Plazan: egurra landuz, hariak lotuz... Herriko karriketan azienda saila, gozogileek egindako pastel eta mokadu goxoak, denetarik eskaintzen duten saltzai­leen postuak... egonen dira egun osoz.
 
Herri kirolek ere ez dute hutsik eginen,  11:00etatik aitzinera aizkolariak arituko dira lanean. Ondoren, Lesakako Bertso Eskolak antolatzen duen bertso saioa izanen da Plaza Zaharrean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan. Tenore horretan eginen da azienda lehiaketaren sari banaketa ere. Goizeko ekitaldien ondotik, arra­tsaldean pilota partidak jokatuko dituzte. 17:30etan hasiko dira eta bi partida izanen dira.  Bitxikeria bezala, Olaizola I. eta Olaizola III., Goñi eta Otxandorenaren aurka ­arituko dira. Eguna borobiltzeko 19:00etatik aitzi­nera Trikibeltz taldearen musikarekin dantzan aritzeko aukera izanen da.
 
BEZPERAN ERE BAI
Feria egun handia ortzegunean izaten den arren, bezperan ere hasten da nabaritzen ka­rriketan giro berezia. Beti Gazte Elkar­teak antolatzen duen ajoarriero lehiaketa jokatuko da 18:00etatik aitzinera Beheko Plazan. Ordu berean, Lesakako Trikitixa taldeak kalejira eginen du. 
 
BORTZIRIETAKO AZIENDA HOBERENEN BILA
Lesakako ferietan protagonismo handia hartzen dute inguruko abelburuek, Bortzirietako azienda lehiaketa egiten baita. Goizeko 11:00etatik aitzinera Plaza Zaharrean eta inguruko karriketan betabereak, zaldiak, pottokak, monturakoak, poniak, ahariak eta zatalbereak egonen dira ikusgai.  
Iaz esate baterako, 148 azienda aurkeztu zituzten. Horietatik 104 zaltabereak ziren, tartean pottokak eta monturakoak, 39 behi, ba­tzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat betabereetan eta bortz ahari. 
 
SARI BANAKETA EGUERDIAN
Lehiaketa kategoria desberdinetan banatua dago eta horren arabera banatzen dituzte sariak. Hala, aurkeztuko diren haragitarako behi, Suitza eta zaldi aziendak maila desberdinetan ­banatu eta talde bakoitzetik hiru hoberenak ­sarituko ­dituzte. 
 
Azken hiru urteetan bezala, ­po­ttoka, montura eta po­ni onenek ere saria jasoko dute eta ahariak ere plazaratu eta saria izanen dute. 
 
Sari banaketa eguerdi partean eginen dute eta orduan jakinen da zein diren aur­tengo Bortzirietako azienda hoberenen jabeak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun