Asteburuko omenaldiekin bukatuko dira Julio Caro Barojaren mendeurreneko ekitaldiak Beran

TTIPI-TTAPA 2014ko aza. 11a, 09:45

Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko egindako ekitaldiak asteburu honetako omenaldiarekin bukatuko dira. Utzitako argazkia

Bi dokumental, omenaldi ekitaldia eta Iruñeko Orfeoiaren kontzertua aste honetan

Joan den ekainaz geroztik, hainbertze izan dira Berako herriak Julio Caro Baroja omentzeko antolatutako ekitaldiak. Azaroaren 13an beteko dira 100 urte jaio zela, eta data horren inguruan antolatutako ekitaldiek emanen diote akabera azken hilabete hauetan Berako herriak eta udalak antolatutako ekitaldiei.

Joan den ekainaz geroztik, hainbertze izan dira Berako herriak Julio Caro Baroja omentzeko antolatutako ekitaldiak. Azaroaren 13an beteko dira 100 urte jaio zela, eta data horren inguruan antolatutako ekitaldiek emanen diote akabera azken hilabete hauetan Berako herriak eta udalak antolatutako ekitaldiei.

Asteazkenean, azaroaren 12an, 19:00etan Kultur Etxean, Pio Caro Barojak zuzendutako “Navarra cuatro estaciones” ikusteko aukera egonen da. 1970. urtean Nafarroako Diputazioak eskatuta, Nafarroako ohiturak jasotzen dituen dokumental luze eta aberatsa egin zuten Pio eta Julio Caro Baroja anaiek. Lau urtarotan banatua, baserriko eta landa eremuko bizimodua, errituak, ohiturak eta bestak maisuki bildu zituzten, etnografia-dokumentalaren maisulantzat hartu izan den honetan. Irudi horietako aunitz Beran hartu zituzten, eta hortaz, beratarrentzat ere interes handiko filma da.

Biharamonean, azaroaren 13an, ortzeguna, Pio Caro Barojak Espainiako telebistarentzat (rtve) egindako “Baroja a través de Baroja” dokumentala ikusi ahal izanen da, ordu eta leku berean. Dokumental honetan, Julio Caro Barojak familiaren historiari eta gertakariei errepasoa egiten die, Itzean barnako bidaiarekin batera.

Larunbatean Berako herriak eginen dion omenaldi-ekitaldia izanen da. Gure Txokoa dantza taldea, Amaia Zubiria eta Musika eskolako ikasleak igoko dira oholtzara, eta testu, argazki eta hitzaldiekin batera, omenaldi berezia eginen diote Juliori. Familiari oroigarri bat emateko baliatuko dute antolatzaileek.

Eta azkeneko ekitaldia igandean izanen da. Nafarroako Gobernuak antolatuta, Berako Udalarekin lankidetzan, lore eskaintza eginen zaio hilerrian, eguerdiko 12:00etan, Iruñeko Orfeoiak eta Berako txistulariek lagunduta. Ondotik, Iruñeko Orfeoiak, kontzertua emanen du Berako kultur etxean, 12:30ean. Ekitaldi hauek guztiak dohainik izanen dira.

"On Julioren arrastoa" erakusketak azaroaren 23ra arte jarraituko du ikusgai Kultur etxean, asteartetik ortziralera 17:00etatik 20:00etara; eta asteburuetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!